Irene Caminos, munduko podiumera igotzeko asmoz

Imanol Garcia Landa 2019ko aza. 6a, 19:58

Bike trialeko Munduko Txapelketa jokatuko du tolosarrak Txinan, eta bihar goizean du finalerdia.

Bike trialeko Munduko Txapelketa jokatzeko Txinara abiatu da Irene Caminos tolosarra. Bosgarren aldiz parte hartuko du maila horretako txapelketan. Iaz taldeka parte hartu zuen Espainiako selekzioarekin eta orduan txapeldun geratu ziren. Horrez gain, bakarka bosgarren egin zuen Caminosek. Aurtengoan bakarka parte hartuko du Munduko Txapelketan, taldekakoan Vera Baron ariko baita, Munduko Kopa irabazi duena. «Hautatzaileak horrela aukeratu du eta nik, beraz, bakarka bakarrik ariko naiz», esan du Caminosek.

Italian Europako Txapelketa eta Munduko Koparen azken proba jokatu ondoren, bizikleta gainean «sentsazio onak» izan dituela esan du tolosarrak, eta Txinara ere sentsazio horiekin joan dela adierazi du. Bihar eguerdian jokatuko du finalerdia Caminosek, hemen goizeko 04:00ak direnean. Hiru itzuli eman beharko dizkiote zirkuitu osoari. Finalerdian hogei txirrindulari inguruk parte hartuko dute, eta horietatik sei sailkatuko dira larunbatean egingo den finalerako.

Lehen helburua finalera pasatzea dela esan du: «Beldur gehiago diot finalerdiari finalari baino. Aurreko urtean hirugarren postua lortu nuen finalerdian eta gero finala ez zen nahi bezala joan, eta azkenean bosgarren amaitu nuen. Aurten ea podiuma lortzerik dugun, eta ortzadar famatua ekartzen badugu askoz hobe».

«HAU DA GUSTATZEN ZAIDANA»

Aurkari nagusiak Vera Baron, egun munduko txapelduna den Nina Reichenbach alemaniarra, eta Frantziako selekzioarekin joango diren beste bi txirrindulari izango dira. «Munduko Txapelketa bat da, proba batera jokatzen da dena, eta edozer gertatu daiteke», esan du Caminosek.

Txapelketako eremura iritsi arte, tarte bakoitzeko zailtasunak nolakoak izango diren ezin dela jakin esan du tolosarrak. «Azkenean finalera pasa nahi dugu denok, eta presio puntu hori dago. Mundiala da eta sei bakarrik pasatzen dira. Horregatik, finalerdia zailagoa izaten da batez ere psikologikoki».

Bosgarren urtez segidan parte hartzeko «beti goian» egon behar dela dio Caminosek: «Hautatu egin behar zaituzte joateko, eta ikustea urtetik urtera hobetzen noala, eta hautatu egin zaituztela joateko, oso polita da. Ea gero han zer gertatzen den». Munduko onenen artean egoteko lan egin behar dela dio: «Zerbait nahi baduzu lan egin behar da hori lortzeko. Nik kirol hau aukeratu dut, hau da gustatzen zaidana, eta lana egin behar da goran mantentzeko. Ez dago bestelako sekreturik».

Italian egindako proben ondoren, betiko entrenamenduekin jarraitu duela esan du. «Italiako azken proban laugarren egin nuen, hirugarrenarekin berdinduta. Eta horrek motibazio puntu bat eman dit azken hilabete honetan indartsu jarraitzeko».

Aurtengo denboraldiari begiratuta, Munduko Kopako azken sailkapenean bosgarren egin zuen eta Europako Txapelketan ere postu hori lortu zuen. Espainiako Txapelketan irabazi egin du eta Kopan bigarren egin du. «Aurten denboraldi zaila izan da niretzat. Aurreko urtean Munduko Kopan hirugarren postua lortu nuen eta banekien hori berdintzea edo hobetzea oso zaila izango zela. Espainiako Txapelketa irabaztea lortu dut berriz, baina Munduko Kopa ez da oso ondo joan, azkenean bosgarren amaitu ahal izan badut ere. Orain Munduko Txapelketa geratzen da, urteko probarik garrantzitsuena dena, eta ea zer gertatzen den».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!