Egutegia gaurtik eskuragai

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 6a, 11:57

Miren Amorrorturen 'Arte Kalea' argazkiak apainduko du 2020 urteko Tolosako Udaleko egutegia; gaur, bihar eta etzi banatuko dute Zerkausian, 09:30etik 12:30ak bitarte.

Azken urteetan egin moduan, aurten ere, Tolosako Udalak Tolosanklisk argazki lehiaketa egin du Tolosako 2020 urteko egutegia osatze aldera. Auzoak izan da aurtengorako aukeratutako gaia, eta dagoeneko osatu dute herritarren eta epaimahaiko kideen bozkekin aukeratutako argazkiekin. Miren Amorrorturen Arte Kalea argazkia izan da irabazlea eta azala apainduko duena.

Hain juxtu, aste honetan bertan aurkeztu du Tolosako Udalak egutegia, eta gaurtik aurrera herritarren eskura egongo da. Zehazki, gaur, bihar eta etzi banatuko dute egutegia, zerkausian, 09:30etik 12:30ak bitarte. Egun eta ordutegi horretan egutegia jaso ezin duenak, azaroaren 11tik aurrera Tolosako kultur etxean eskuratu ahalko du.

Halaber, Tolosako Udalak azaldu duenez herriko ikastetxe guztietan eta landa auzoetan ere banatuko du egutegia, besteak beste, ondorengo puntuetan: Urkizun, Bedaion, Aldaban, Iurramendi egoitzan eta Uzturre zentroan. Aurten, guztira, 6.500 horma egutegi, 200 egutegi handi eta 2.000 eskuko egutegi argitaratu dituzte.

Egutegiari dagokionez, Miren Amorrorturen Arte Kalea argazkia izango da azala. Irabazlea izan denez, 600 euroko saria jasoko du Amorrortuk. Hilabetez hilabeteko orrialdeak osatuko dituzten argazkiak ondorengoak izango dira: urtarrilekoa Javier Ortizen Berazubi parkea, otsailekoa Javier Ortizen Urkizu, martxokoa Leire Urangaren Berazubi, apirilekoa Idoia Zabaletaren Altxor txiki bat Aldaba auzoan, maiatzekoa Miren Arnalen Udako egarri, ekainekoa Gontzal Sagarnaren Sanjoanak Arramelen, uztailekoa Iñaki Otaegiren Pala Txapelketa, abuztukoa Javier Ortizen Usabal, irailekoa Naiara Lasarteren Hirukia, urrikoa Joseba Iturberen Gaueko isladak, azarokoa Cristina Alejandraren Montezkue eta abendukoa Migel Angel Urangaren Tiovivo. Egile bakoitzak 200 euro jasoko du argazki bakoitzarengatik.

Datorren urteko gaia ere eman dute jakitera: Tolosako ibaiak eta errekak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!