«Bakoitzak bere zortea bilatzen du bizitzan, bere herrialdean edo beste batean»

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko aza. 6a, 11:59

'Emakumeen prozesu migratzailea' mahai inguruan parte hartuko du, gaur, Jatorkin elkarteak antolatuta, Suzi Ndojomekin eta Afaf El Halaouirekin batera; 18:00etan hasiko da hitzordua, Tolosako kultur etxean.

Duela bi urte heldu zen Tolosara, bizitza hobe baten bila. Chaimae Nakari (Tanger, Maroko, 1986) eta haren familiari urtebete geratzen zaie beren egoera administratiboa erregulatzeko, eta epe hori dute jomugan, lan duinagoetan hasi ahal izateko.

Zerk bultzatu zintuen migratzeko erabakia hartzera?

Familiak, osasun sistemak eta hezkuntzak, batez ere. Nire familiaren eta nire pentsaeraren artean desberdintasun handiak daude, batetik. Bestetik, 20 urterekin ezkondu, eta senarra eta biok Marokon lanean hasi ginen, Movistar-en. Gure herrialdean eskulana merkeagoa da, eta enpresak esplotatu egiten gintuen. Baina, lana genuenez, ondo geunden.

Osasun sistemak zein kezka pizten zizun?

Amak urtebete eman zuen gaixo, eta inork ez zigun esaten zer zuen, ia hil zen arte; hilabete batzuk lehenago esan ziguten, C Hepatitisa zuela. Gero jaio zen alaba, eta asma zuela jakin genuen; hilean hirutan gaixotzen zen. Diru beltzarekin joaten ez bazinen, osasun publikoan zain eta zain egon beharra zegoen. Pribatuarengana joatea erabaki genuen, saioa 80-100 euro ordainduz.

Zenbatekoa zen zure soldata?

350 euro irabazten nituen. Sostengaezina zen.

Hezkuntza ere aipatu duzu.

Garbi esanda, Marokoko hezkuntza sistema desastre hutsa da.

Zein izan zen inflexio puntua?

Tangerren oso gertu izan dugu beti bizimodu espainiarra, eta gurearekiko aldea argi ikusten genuen, baina ez genuen sekula pentsatu migratzea. Kontua da, Movistarrek zerbitzu bera diru gutxiagorekin eskaintzeko lekua aurkitu zuela, Perun, eta kalean utzi gintuzten 300 langile. Ezin izan genion egoerari buelta eman, eta migratzea erabaki genuen.

Nolakoa izan zen Tolosara iritsiera?

Heldu ginenean, jende askoren kritikak entzun genituen, esanez, migratzaileok bertakoei lana kentzen diegula, lapurtu egiten dugula, edo gizarte laguntzen bila baino ez garela joaten. Hasieran oso gaizki sentitzen nintzen, ez genuelako lanik, eta ezta laguntzarik jasotzeko eskubiderik ere; hemen 3 urte egin arte, ezinezkoa da.

Geroztik, lortu duzue lanik?

Gure lehentasuna lan egitea da, baina ez daukagu aukerarik; paperak lortu arte ezin digute kontraturik egin. Inoiz lan egin izan dugu, diru beltza irabaziz. Iaz DBHko 3 eta 4. mailak atera nituen, eta aurten erizain laguntzailearen erdi mailako zikloa egin nahi nuen, paperak lortutakoan lan eskaintza kualifikatuagoetan sartzeko. Gaztelerazko zikloa Irunen dago, ordea, eta ez daukat dirurik garraio publikoa eta ikasketak ordaintzeko. Beraz, orain unibertsitateko sarbidea prestatzen ari naiz, gero goi mailako ziklo batean sartzeko.

Euskara ikasten ari zara?

Bai, Jatorkini esker. Gero eta gehiago ulertzen dut, baina erantzutea oraindik zail suertatzen zait. Ikasi egin nahi dut, alabari ulertu eta etxeko lanetan lagundu.

Pozik zaude Tolosan?

Bai. Osasungintza oso ona delako, eta etorri ginenetik alaba askoz ere hobeto dagoelako. Eskolan, asko gustatzen zait nola ikasten ari den; bertakoen tratu bera ematen diote, eta oso pozik nago horrekin. Horren bila etorri nintzen: nire alabarentzat onenaren bila.

Zein garrantzia du Jatorkin bezalako elkarte baten laguntza izateak?

Etorri eta nora joan behar duzun erakutsiko dizun norbait izate hutsa, asko da. Gaur egun, niretzat nire familia da Jatorkin; bizitzan behar izan ditzakedan pertsona guztiak bertan ditut.

Gaur egun, migratzaileen erdiak emakumeak dira.

Bai, Marokoko emakume asko marrubiak biltzeko denboraldian pasatzen dira Espainiara, Andaluziara. Baina, beste emakume askok migratzea erabakitzen dute, askatasuna izateko. Marokon patriarkatuak du indar guzti-guztia. Emakume asko ari dira hori aldatzeko borrokan, baina oso zaila da eta, horregatik, askok hona etortzea erabakitzen dute, hobeto bizitzeko eta guztia atzean uzteko.

Ondo hartu zaituenik bada?

Bai. Oso jende zintzoa ezagutu dut bi urteotan, eta asko lagundu didate. Baina, adibidez, haurrak zaintzea eskaini izan didatenean, zapirik gabeko neska bat nahi izan dute. Ni hona zapiarekin iritsi nintzen, eta duela gutxi utzi diot janzteari, lan egin ahal izateko.

Ez duzu kendu nahi zenuelako.

Baita horregatik ere. Zapia kendu nahi nuen, baina erabaki zaila zen. 8 urte nituenetik daramat, aitak eta anaia-ordeak behartu nindutelako, eta bizi osorako zerbait da. Ezkondu nintzenean, senarrak ez zuen nahi nik zapia kentzerik, baina, hona iritsi ginenean, kendu egingo nuela esan nion, lanagatik eta ez dudalako soinean eraman nahi desadostasuna pizten didan zerbait.

Zerekin zaude desados?

Koranean, Jainkoak hijabaz hitz egiten duenean, ez du zehazki ilea estaltzeko aipatzen; bularraldea estaltzeaz bakarrik ari da. Gerora, profetaren aipuak interpretatu izan dira, nire ustez oker. Ez dut hijaba daraman inor epaituko, bakoitzak nahi duena egiteko eskubidea du. Baina ni ez nintzen aske izan aukeratzeko, eta ez nuen zapiaren inguruko azalpenik jaso.

Zure bizitzan pisu nabarmena duen erabakia izan da?

Bai, zalantzarik gabe. Familiak oraindik ez daki hijaba kendu dudanik, eta senarrarekin oraindik eztabaidan nago, emakume musulmanok gizonezko baten tutoretzapean egon behar baitugu. Emakume asko ez dira horrela bizi, baina gu tradizio horretako familietatik gatoz, eta haiek ez dira aldatuko. Zentzu horretan, ez nuen nahi alabak hori guztia pasatzerik, eta horrek ere bultzatu ninduen hona etortzera. Alaba aske izatea nahi dut: gauzak uler ditzala lehenengo, gero erabakitzeko.

Migratzaileen eta bertakoen artean zubi asko eraiki behar da oraindik. Nola ?

Historiak erakusten du herrialde guztiak izan direla migratzaile noizbait. Ni aurrera egiteko etorri naiz hona, eta pertsona bakoitzak bere zortea bilatzen du bizitzan, izan bere herrialdean, izan beste batean. Eta bizitza ikasketekin, lanarekin, hezkuntza onarekin eta elkarbizitzarekin eraikitzen da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!