19 urteko gazte bat ikertzen ari dira Tolosako elkarte gastronomiko batean lapurreta egiten saiatzeagatik

Ataria 2019ko azaroaren 5a

Atzo goizaldean jakinarazi zion Ertzaintzak 19 urteko gizonezko bati ikerketapean zegoela indarra erabiliz egindako lapurreta-ahalegin batean parte hartzeagatik.

Ertzaintzak azaldu duenez, gaztea lapurreta egiteko asmoz Tolosako elkarte gastronomiko batean sartzen saiatu zen. "Goizaldeko hiruak eta hogei aldera, Ertzaintzak jakin zuen bi pertsona Tolosako Rondilla kaleko elkarte gastronomiko batean sartzen saiatu zirela, dirudienez lapurreta egiteko asmoz. Informazio horren arabera, susmagarriek ostikoka behartu zuten lokaleko atea, baina barrura sartu zirenean bazkide bat aurkitu zuten bertan. Bazkideak aurre egin zien bi gazteei, eta hauek korrika alde egin zuten".

Ertzaintzara deitu ondoren, hainbat patruilak inguruneak miatu zituzten bi susmagarriak aurkitzeko asmoz: "Tolosako Plaza Zahar inguruan zihoan patruila batek lauak eta hamar aldera ikusi zuen ustezko inplikatuetako baten deskribapenarekin bat zetorren gizonezkoa".

Gaztea, 19 urtekoa, geldiarazi eta identifikatu egin zutela azaldu dute Ertzaintzatik: "Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, ertzainek jakitera eman zioten ikerketapean geratu zela indarra erabiliz egindako lapurreta-ahaleginean ustez parte hartu izanagatik".

Ertzaintzak jakinarazi duenez, une hauetan gertaera argitzeko ikerketak zabalik jarraitzen du bigarren inplikatua identifikatu ahal izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!