51. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Jarrai dezagun lanean

Erabiltzailearen aurpegia Migel Zeberio 2019ko aza. 5a, 11:57

Urteroko erritualari ekin diogu berriz. Leidor antzokiaren barrunbeek irentsi gaitzaten utzi gatzaizkio; urteroko aurpegiak, aurkezpen manerak, urtebete gehiago azaltzen duen kartel grisa, urtero berritzen den loreztapen minimala behatu eta aurrera, lau egunetan zehar erreferentziak galtzerainoko mu- sika uholde parrastatik edan dugu.

Murgildu gara koruen mikrokosmos honetan, bakoitza berean baina ondokoak egiten duenari begiradarik kendu ezinda, aurrez aurre, hamaika proposamen eta musikaren bizipen desberdin. Hauetan berezienak baino ezin aipa ditzaket tarte honetan.

Batavia Madrigal Singers((Indonesia), guztiengandik ikusmin handienaren eragile genituen eta hala moduko erantzuna lortu zuten ikuslegoaren begietara, bai saria lortu ere. Denei itzal egiteko gai izan dira alde handiz gainera. Inork ez bezalako zera transmititzeko gaitasunaren jabe izaten jarraitzen dute urteak pasa ahala. Diziplina zorrotzen lan egingo dutelakoan, banakako kantari prestuak zuzendari argiaren eskuei ihoteko hari fina eskuratzen diote, emaitza goi-goi mailakoa eta sarkorra izateaz gain freskoa delarik. Bestalde eta darabilten literaturari begiratuz, bizi dugun mundu globalizatuaren isla dira AEBen ekoizpenaren mesedetan beti ere. Muestrarako: Don´t stop me now arrats ezaguna Mercury berak ere hobetuko ez lukeenaren bertsio dinamiko eta dantzakorra. Talde trinko, bateratu eta kontundentea.

Beste erako harribitxia; Eric Ericsonen itturri beretik edandako Robert Sund zuzendari, konpositore eta pedagogo suediar historikoaren eskuetan jardundako Tokioko JCA koru gaztea. Zuzendari-kantari harreman oso barneratua eta zehatzaz gain, antzinagoko garaietako musikaren espresibitateari zukua atereaz maisutasuna erakutsi zuten. Tempo eta artikulazioaren arteko konbinazio magistral eta jolaskorrak landu eta kontrolatutako bolumenari oso noizbehinka askatasun emanez aldagai interesgarriak eraikitzeko gai izan den talde zoragarria.

Beste maila batean Basel-eko Männerstimmen, aspaldiko partez gizonezko gazte taldea gure begien aurrez aurre. Suitza herri alpinoarra, nahikoa gertukoa izanik, presentzia urrienetarikoa izan duen nazioetarikoa dugu eta; Arriskuetan zuhur, bide labainkorregietatik galdu nahi ezta sonoritate konpaktuzko talde ederra osatzen dute. Letoniako Pa Saulei ere aurrekoen maila bertsuan, efektu txundigarrien obra modernoei txinpartak atereaz erakartzen saiatu zena ezin aipatu gabe utzi.

Ahots taldeei bi goizez ekitea egokitu zitzaien, pairatu zutenen eztarrientzat, ez garairik aproposena alegia. Taldeen osaera berak aniztasun itzela izan du abiapuntu. Eredutzat har genezakeen gizon eta emakumez osatutako zortzikote poloniarra edo Letoniako emazte seikotetik abiatu edo beste muturrean Indonesia, Ukrainia edo Belgikako ordezkari diren koru txikiak esparru zabala osatu zuten eta belarrientzat gutiziazko saio izan genituen.

Art, n Voices-ek (Polonia) tinbre aberats eta zabalaz baliaturik, bide oro eta ez arriskurik gabeak, jorratzeko prestutasuna dute, maila handiko musikaren bazka eskaini zigutelarik. Larunbat goiz umelean hamaseigarren mendeko musikari zor zaion malgutasuna gehienentzat ataka estu bihurtu zen baina ez beraientzat: benetan distiratsu, elegantziaz, inor gutxik bezelako ulermenaz obren muinari etekina ateratzeko gai dira, inork gutxik bezelako ulermenaz musika erromantikoan ere konzentrazio handiz eta ñabardurarik txikienak ere aurretik zorrotz landurik zeuzkaten; Egitarau osoaren aukeraketa anitza eta arrisku erakargarriz josia. Autonomia harrigarriz funtzionatzen dute norbanakoak eta aldi berean elkar arteko lanean, zentzuak fintasunean garatuak, armonia ororen aurrean zein esaldi arteko joskera ezberdinetan.

Letoniako Era-ri tarte ederrak jaso genizkion: estetika bateratuaz eta ahotsen amalgama eta armoniko aberatsarekin lortutako etorri erraza, plazerezko Dowland, zein erromantizismoa: kanta desberdinen artean batasuna lortzeko gaitasuna baina aldi berean giro eta garai desberdinetara moldatzekoa ere. R Zalupe-k Carol ezagun baten gainean sorturiko kanpai hotsezko doinua ekarri digute besteren artean.

Guer College Ukrainiar neskak, Galina Gorbatenkoren maisutasunari men eginez izpirituz asetako kontzeptu klasikoa eta ongi atondua lortu dute. Beren jardunaz aipatu gabe ezin utzi musika asko dutela zainean. Emisio ilun bereizgarriaren gainean Brahams boteretsu eta maisutasunez ekarria, doinu sarkorrak eta tradizio Ortodoxozko otoitzek atsegin egiten dute oso.

Gema Sangkakala, Indonesiarrak gaztetasunaren freskuran, espero gabean bi obra euskaldun goxoki landuak Elberdinen Soleram, XX.ko erdialdeko Brodway eran jasoa eta Ikimilikiliklikean sorturiko festa algaratsua eskaini ziguten besteren artean, tarteka afinazioarekiko borrokatxoren bat.

Guzti horri eta gehiagori juzkua egiteko epaimahaikide zazpikote eskarmentuduna aritu da. Eman duten erabakiarekin gehienean bat etorri izanak ez dakit lasaitu nauen edo nire jardunean gauzak txukun xamar egiten jarraitzeko intentzioan, galtzak bete lan izaten jarraituko dudala ziurtatu didan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!