«Ez dugu entzuterik bakarrik nahi, aldaketak eskatzen ditugu»

Mikel Iraola 2019ko aza. 2a, 07:59

Biologia eta Ingurumen Zientzietako Graduko ikasketak burutzen ari da Ander Congil tolosarra, Gironako Unibertsitatean. Azken urtea, ordea, Granadan egingo du. Horrez gain, denborarik gehiena ekologismoaren aldeko lanari eskaintzen dio.

Duela hilabete Ander Congil (Tolosa, 1997) ez zegoen kazetarien galderei erantzutera ohituta. Fridays for Future mugimenduarekin bat egin zuenetik, ordea, bizitza aldatu zaiola dio: elkarrizketak, hitzaldiak, bidaiak...

Greta Thunberg suediar gazteak klima aldaketaren aurka abiatutako mugimenduari jarraipena eman zion, Gironako beste bi lagunekin batera. Mugimendua sustatu zuten lehenak izan ziren iberiar penintsulan. Hiru laguneko elkarretaratzea zena, olatu bihurtu zen denbora gutxian. Eta, ordutik, han-hemenka ibili dira, aldaketarako dei eginez eta atxikimenduak bilduz. Izan ere, denbora honetan bada aldatu ez denik: planetak bizi duen larrialdi klimatikoa. Horren aurka eragin beharra dagoela ohartarazi du.

Nondik datorkizu naturarekiko grina?

Txikitatik izan naiz naturazale. Mendira joatea eta animaliak ikustea gustatzen zitzaion mutiko horietakoa nintzen. Dokumentalak ikusiz ere denbora asko pasatakoa naiz. Beti iruditu zait bitxia eta harrigarria naturaren funtzionamendua. Eta zaletasun eta jakin-min horrek bultzatuta, biologia eta ingurumen zientzietako ikasketak egitea erabaki nuen.

Nolakoa da naturarekin duzun lotura?

Gizaki guztiok naturarekiko menpekotasuna dugu. Naturak ahalbidetzen digu dena; bestela ezingo genuke hemen egon. Eman eta jaso, jaso eta eman erlazio horietako bat dela esango nuke. Niri asko ematen dit, eta nik ere nire denbora eskaintzen diot ikasketekin, bere inguruan gehiago jakiteko eta ezagutza horiekin bere zaintzan laguntzen saiatzeko. Baita naturak dituen arazoak gizarteratuz eta hitza besteei pasaz.

Zein irakaspen eman dizkizu naturak?

Natura oso sistema konplexua da, eta era berean delikatua. Arazo edo akats txiki batek ondorio larriak sor ditzake han edo hemen. Niri irakatsi didana da sistema konplexu hori zaindu eta babestu egin behar dela, gizakiak gizakien arteko erlazioak zaindu behar dituen bezala. Alde batetik tira egin eta oreka puskatuz gero, arazoak sortzen ditugula jabetu behar gara.

Nola azalduko zenuke, hitz gutxitan, naturak bizi duen egoera?

Gu gara historian, lehen aldiz, lurra hankaz gora jartzen ari garenak; atzera bueltarik ez duen egoera batera daramagu. Desagerpen handiak gertatu izan dira fenomeno naturalen ondorioz. Baina oraingoan, gure jardueraren ondorioz, eta inoiz ikusi ez den abiaduran, ondorio larriak pairatzen ari da ingurumena. Etorkizunean bizitzen jarraitu nahi badugu, zerbait konpondu beharra dugu, eta oso garrantzitsua da zerbait hori egiten hastea ez badugu egoerak okerragora egiterik nahi.

Larrialdi egoerara pasa gara, zabaldu diren mezuen arabera. Zein da aldea?

Hamarkadak daramatzagu larrialdi egoeran. Kontua da politikoki ez direla erabakiak hartu. Alerta hitza erabili izan dute egoera arintzeko, baina zientzialariak aspalditik ari dira egoera larri honen berri ematen, eta denbora agortzen ari zaigula ohartarazten. Aitzakiak bukatu dira, aldaketaren aldeko mugimenduak sortu eta gauzak ozen eta garbi esatearekin batera. Hortaz, orain arteko larrialdi egoera beraren aurrean gaude: ezberdintasun nagusia hitzetan dago, ez horrenbeste ingurumenaren egoeran.

Nola iritsi gara puntu honetara?

Etengabe kontsumitu eta haztean oinarritutako ekonomiak behar faltsuak sortu dizkigu. Dena nahi dugu, eta horrek naturarengandik aldendu egin gaitu. Arazoa hor dago. Gizakiak uste izan du guztiaren jabe izan eta dena kontrolatzeko gai dela. Eta ikuspegi hori okerra da. Dena ez dago gure menpe. Oreka puskatu egin da, eta orain konturatzen ari gara gure ahalmenen gainetik bizitzeak zer nolako ondorioak sortu dituen. Hori bai, eraiki dugun erosotasunarekin amaitzea eta eguneroko bizitzan egiten ditugun gauza askori uko egitea oso zaila da.

Eredu horrek sortutako ezberdintasun sozialak ere nabariak dira. Baina krisi klimatikoak egoera areagotu lezake, gainera.

Gizartearen jokabide honek, natura suntsitzearekin batera, ondorio gehiago ditu. Lurra ez da hain emankorra izango, elikagaiak ekoizteko aukera gutxiago egongo da, eta ondorioz, produktu askoren prezioak igo egingo dira. Eta berdin sendagaiekin. Hori gertatuz gero, pobre eta aberatsen arteko tartea gehiago zabalduko da. Itsasoaren mailagatik edo katastrofe naturalengatik ere jende askok bere herriak utzi beharko ditu.

Itsasoa aipatu duzu. Ur azpian asko ibilitakoa zara, tartean urpekaritza eskola batean irakasle modura. Zelakoa da itsas azpiko egoera?

Oso kaltetua dago. Egunerokoan ikusten ez diren gauza asko ikusteko aukera ematen dizu urpekari izateak. Baina nahiz eta jendearen bistakoak ez izan, zabor asko ateratzen da uretatik: latak, plastikoak… Garbiketetan parte hartu izan dut; azkena, joan den asteburuan, Granadako kostan.

Ondorio horiez guztiez jabetuta, zuk eta zure lagun batzuk, 'Fridays for Future' ekimenarekin bat egitea erabaki zenuten urtarrilean. Zer dela eta?

Hilabeteak generamatzan Greta Thunberg-en bideoak ikusten. Berak sortutako mugimendua Europan zehar nola zabaldu zen ikusi, eta pentsatu genuen jarraipena eman behar geniola hemen [Gironan]. Ostiral hartan, urtarrilaren 18an, Generalitatearen egoitzaren kanpoan eseri ginen hiru lagun, pare bat pankarta hartuta. Beste bi lagun gehitu ziren gero, eta mugimenduaren berri zuten beste bik ere adierazi ziguten babesa.

Gogoan duzu zer jarri zenuten pankarta haietan?

Bata katalanez zegoen Vaga pel clima (Greba, klimagatik); bestea, ingelesez Start working to stop the climate change (Hasi klima aldaketa gelditzeko lanean). Pankarta haiek lehenengoak izan ziren, baina oraindik ere erabiltzen ditugu.

Hori lehen eguna izan zen. Gerora nolako eboluzioa izan du mugimenduak?

Lehen asteetan gutxi izan ginen. Gero sare sozialak sortzea erabaki genuen, eta orduan hasi zen gorakada. Espainia osora hedatu zen, eta beste lurralde batzuetatik deika hasi zitzaizkigun mugimenduarekin bat egin nahi zutela esateko. Martxoaren 15ean 50.000 pertsona irten ziren kalera espainiar estatu osoan.

Horrelako harrerarik izango zenutela uste al zenuten hasiera hartan?

Etorkizunera begirako ikuspegirik gabe hasi ginen, baina neska batek zenbat pertsona mobilizatu zituen ikusiz. Orduan, bagenekien ez ginela gu bakarrik. Greta Thunberg-ek hasitako bidera batu ginen, eta ordutik esponentzialki hazi da. Eta orain ere gehiagora doa, historikoa da.

Sare sozialetan oinarritu zarete hazkunde hori lortzeko?

Bai, guztiz. Munduko punta batetik bestera pertsonak konektatzea ahalbidetu digu, eta hori lagungarria izan da mugimendua ezagutarazteko orduan.

Dena den, klima aldaketaren aurka teknologia bera erabiltzea hein batean paradoxikoa ere bada, ezta?

Teknologiaren garapenaren guztia ez da txarra. Garbi dago egindako gauza asko ezingo ditugula desegin, hortaz, erabil ditzagun gure alde, ahal dugun erabilera onena emanez. Armak ere ez dira onak, baina arma batek bere kabuz ez du ezer egiten: erabilera da txarra.

Aurrez aipatu duzu mugimendua historikoa dela.

Hala da, bai. Ez da egon gai honen bueltan horrenbeste indar erakutsi duen mobilizaziorik. Alderdi politiko eta eragile ekologista ugari daude aspalditik lanean. Gurea ez da lehenengoa. Baina orain arte inork ez du lortu horrenbeste gazte batzea.

Badirudi gazteek hartu dutela klima aldaketa gelditzeko aginte-makila. Gazteak ere mobilizatzeko gai direla eta interesa badagoela erakusten du horrek?

Bai, guztiz. Gazteok honaino iritsi garela esan dugu, aitzakiak amaitu direla, denbora bukatzen ari zaigula. Greta Thunberg-ek lehen egunetik oso garbi hitz egin du. Bere diskurtso bakoitza aurrekoa baino indartsuagoa izan da. Eta ez badigute kasurik egiten, gero eta gehiago borrokatuko dugu.


Zerbait egin lezakeen azken belaunaldia garela egia da? Horrela sentitzen duzu?

Gu ez bagara, pasa da dagoeneko. Guk pentsatu nahi dugu gu garela azkenak, badagoela zerbait egiteko aukera oraindik.

Europan oihartzun handia izan du mugimenduak. Parlamentura ere iritsi da. Zu ere bertan izan zara. Zer nolako esperientzia izan da?

Nazioartean sarea osatu dugu, bai. Martxoaren 15aren aurretik gonbidatu gintuzten Estrasburgora. 18 herrialdetako 60 pertsona izan ginen parlamentuan, klima aldaketari buruz hizketan. Denbora gutxian entzunak izatea lortu genuen, bai. Baina politikariek guk entzun nahi genuena esan izan digute, baina gero ez dute ezer egin. Horregatik jarraitzen dugu ostiraleroko mobilizazioekin: ez dugulako entzunak bakarrik izan nahi.

Diozunaren arabera, politikarien diskurtsoak ez datoz bat, hartzen dituzten erabaki politikoekin.

Guk ez dugu nahi inork guri eskerrak ematea, zein ondo hitz egiten dugun esatea, edo txalotzea. Erabakiak nahi ditugu.

Itxurakeria eta zurikeria daude?

Guztiz, eta tristea da. Interes asko daude atzetik. Batzuk dirutzak irabazten ari dira, eta horiei ez zaie aldaketarik komeni. Interesa egongo da baliabideak bukatzen diren momentuan, trantsizio energetikoa egiteko. Baina monopolio batetik, beste monopolio batera pasako gara. Eta hori ere ez da irtenbide egokia izango.

Zer diozu Greenwashing delakoaz?

Kapitalismo berdea hazten ari da, aldaketaren aldeko mugimenduak haztearekin batera. Azken batean, ekologismoaren izenean egindako kapitalismoa da, ez da irtenbide bat. Adibidez, energia konpainia batek erregai fosilak erabiltzetik energia berriztagarrietara egin dezake saltoa, duen monopolioa mantenduz. Aldaketak naturari mesede egingo lioke, baina monopolio batetik bestera pasatzearekin, ezberdintasun sozialek jarraituko dute.

Politikak eta ekonomiak ez dute laguntzen, baina hiritarrok ze ardura dugu?

Noski, dena ez dago politikarien esku. Egunerokoan kontutan izan behar dugu zenbat ur kontsumitzen dugun, argiak itzaltzen ote ditugun, oinez edo kotxez joaten garen, zenbat haragi jaten dugun… Erabaki txikiak har ditzakegu. Gure jarrerak aldatzen ez baditugu, ezin dugu hipokresiaz jokatu eta gainerakoei aldatzeko eskatu.

Zer egin genezake?

Aurrez aipatutako gure esku dauden ohitura txikiak aldatu, adibidez. Inguruko jendea kontzientziatzen ere lan izugarria egin genezake: eskoletan, enpresetan, familian, lagunartean… Eta kalean aldaketak exijitzea.

Are entzunagoak izateko, mundu mailako greba bat sustatu zenuten. Zergatik?

Egun berean munduko leku askotako kaleak hartzeak indar handia du. Irailaren 20an hasi ziren lehen mobilizazioak, eta leku askotan 27an egin zuten azkena. Egun horietan milioika pertsona atera dira kalera etorkizuna babes dezaten eskatuz. Ni 20an Granadan nengoen, eta 27rako Gironako mobilizazioetara joan nintzen, hango lagunekin.

Jarraipen zabala izan zuten mobilizazioek, mundu osoan zehar. Gustura ikusitakoarekin?

Ez nuen espero horrenbeste jende, egia esan. Gironan, goizerako txokolatada antolatu genuen, eta jendetza ikusita manifestazio inprobisatua egin genuen, trafiko handieneko kale batzuk mozteraino. 500 bat pertsona izan ginen. Arratsalderako bai, jende gehiago espero genuen, eta 5.000 pertsona inguru batu ginen. Gironan, behintzat, gai honen bueltan horrenbeste jende batzea ez da sekula ikusi. Hurrengo egunean, munduko beste leku batzuetako zifrak begiratuz, bistakoa da jende asko irten zela kalera: 6-7 milioi artean. Martxoaren 15eko lehen mobilizazio handian 1,5 milioi pertsona zenbatu zirela kontutan izanda, saltoa sekulakoa izan da. Datuek erakusten dute gazteria, eta gizartea oro har, aldaketarako gogoz dagoela. Era berean, komunikabideetan ez du hainbesteko oihartzunik izan.

Zifrek erakusten dute jendartean, behintzat, interesa badagoela, ezta?

300 erakundetik gora izan ziren grebarako dei egin zutenak. Fridays for Future horietako bat da, baina talde ekologista txikiago eta handiagoak ere atzean ziren. Eta kalean ikusi da gazteez gain, irakasleak, gurasoak, etab. ere atera direla.

Bada, hortaz, esperantzarako arrazoirik?

[Isilunea] Beno, nik uste dut baietz. Zaila da, eta izango da. Baina ez bagara saiatzen, ez dugu jakingo. Ez dugu ezer galtzeko, etorkizun hobe baten alde egiten ari gara. Eta ilusio horrek bizirik mantentzen gaitu.

Hasierako isilune horrekin duda egin duzu?

Tira, datuak hor daude. Zientzialarien ikerketak eta datu bibliografiko guztiak ikusita, jakitun gara egoera txarrean gaudela. Katastrofeak gero eta gehiago gertatzen dira. Baina egia da egoera honekin amaitzeko aukera badaukagula.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!