Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du autobuseko leihotik erori zen 16 urteko neskaren kasua

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 31a, 11:15

Asteartean gertatu zen istripua N-1 errepidean, 10:00ak inguruan, Andoain parean. Tolosa-Donostia ibilbidea egiten ari zen Lurraldebus-eko autobuseko kristala puskatu eta gazte tolosar bat errepidera erori zen. Ospitalera eraman zuten urratu eta kolpeekin. 

Ertzaintza asteartean N-1 errepidean gertatua ikertzen ari da. Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, autobusa kamioi bat aurreratzen ari zela kristala puskatu zitzaion. Kristalaren aurka zutik zegoen 16 urteko neska tolosarra leihotik errepidera erori zen orduan. Aurrez pitzatuta zegoen kristala bat batean hautsi zen. Lurraldebus-eko autobusean, Tolosako ikastetxe bateko 40 ikasle zihoazen. Neskaren aitarekin hitz egitea lortu zuen euskal irrati publikoak, eta gerta zitekeena kontuan hartuta, ezer ez zela gertatu azaldu zioten; erorketaz gain, atzetik zetozen ibilgailuak ere kontuan hartu behar baitira. Zauritua ospitalera eraman zuten kolpe eta urradurekin, aparteko larritasunik gabe, Euskadi Irratiaren esanetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura da Tolosa-Donostia arteko autobus zerbitzua. Zerbitzu publikoa TSST enpresari esleituta dago, nahiz eta esleipen horren jarraipena azken urteetan geldirik egon, auzibidean delako. Irrati publikoaren arabera, Lurraldebus autobusak zaharkituak geratzen ari dira, langile eta erabiltzaileen kexen arabera. Kontratua berritzeko, ordea, auzibidea amaitu beharko litzateke, foru aldundiaren esanetan. Dena prest omen dute lehiaketa publikorako eta inbertsio berrietarako, baina oraingoz geldirik dago, "ez diputazioak horrela nahi duelako", esleipen hori nahiko luketen enpresak auzibidean direlako. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak gertatuaren inguruan ez du adierazpenik egin nahi izan, Ertzaintzaren ikerketa amaitu arte. Hala eta guztiz, baieztatu dutenez, Lurraldebus daraman TSST enpresari espedientea zabalduko diote istripuaren berri ez emateagatik. "Kontratuaren arabera, TSST-k horrelako gertaeren berri eman beharra dauka. Normalean horrela egin izan dute, baina kasu honetan ez", azaldu dute Euskadi Irratian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!