"Bedaiok ere behar zuen bere webgunea"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 31a, 19:58

Ia internetik gabe bizi badira ere, duela 12 urte sortu zuen 'www.bedaio.com' web orria Julen Aiestaran bedaiotarrak; orain, berritu egin du.

Julen Aiestaran harro dago bedaiotarra izateaz. Duela 12 urte webgunea sortu zuen Bedaio mundu zabalean ezagutarazteko, eta orain berritu egin du.

Bedaiotarra zarela esan eta jendeak ezagutzen du?

Ez. Eta askotan gertatu zait. Donostian lan egiten dut eta, agian, Donostian komentatzean jende gehiagok ezagutzen du, hemen Tolosan esandakoan baino.

Duela 12 urte webgune bat egin zenuen. Nolatan edo nondik sortu zenuten?

Niri multimedia saltsa hauek betidanik gustatu izan zaizkit. Ikus-entzunezkoaren ikasketak Andoainen hasi nituenean webguneen munduan sartu nintzen. Gero ikastaro bat egin nuen aparte, eta pentsatu nuen zer hobeto Bedaio ezagutzera emateko webgune bat egitea baino.

Zure ideia izan zen?

Bai, nigandik atera zen. Behar bat ere ikusi nuen. Interneta pil-pilean zegoen eta guztiek zuten webgunea. Herri txikiek ere bai, eta esan nuen, Bedaiok ere behar du berea.

Auzotarrekin komentatu zenuen?

Hasi nire kaxa hasi nintzen, baina behin ikusi nuenean forma hartzen ari zela auzotarrei komentatu nien, eta ideia gustatu zitzaien. Informazioa eskatu nien, eta bildu egin nuen leku ezberdinetatik. Baina herritarrei laguntza ere eskatu nien. Informazio ezberdina eman zidaten, eta nik pixka bat laburtu, sailkatu eta antolatu egin nuen.

Zein zen helburua?

Bedaio ezagutzera ematea gehien bat. Ez da pasaeran geratzen den herri bat. Bedaiora joan egin behar da apropos. Bedaio bizirik dago, eta beti gaude bizia eman nahian. Interneten ezagutzera emateko, eta bere lekua edukitzeko behar zen.

Web orri bat ezin du edozeinek sortu.

Garai haietan agian ez, baina gaur egun ez pentsa! Lehen erreminta zailagoak zeuden, baina orain, badaude erreminta errazak sortu ahal izateko.

Geroz, mundu hori albo batera utzia izan duzu?

Beti joan eta etorrian ibili naiz. Irudia ikasi nuen, baina gero gizarte integrazioa egini nuen, eta orain horretan egiten dut lan. Tarte horretan soinua ere ikasi nuen, eta beti erakartzen nau mundu horrek.

Hamabi urte pasa dira, eta berriz berritu duzu web orria.

Webguneak berak eskatu du berritzea. Garai hartako tresnak zaharkituta geratu dira, eta zerbitzariak berak esan digu ez duela onartzen. Berritzeko ideia banuen, baina denbora falta; eta azkenean behartuta ikusi gara.

Zenbat denbora behar izan duzu guztia berritzen?

Aspaldian utzita daukat mundu hau, eta berritzen baino denbora gehiago pasa dut ni eguneratzen eta erreminta berriak ikasten. Lanik handiena hori izan da, hasi eta egitea azkarra izan da, baina aurretik egin behar izan dut lana. Joan den udaberrian bertan behera geratu zen eta presioa nuen, udan egin dut lan gehiena.

Zuk antolatu duzu guztia?

Laguntza eskatu diet. Gero, atal bakoitzak eskatzen duen argazkia bilatu dut sare sozialetan, baimenak eskatu ditut,... Autoexigentzia handikoa naiz, eta buelta asko ematen dizkiet gauzei. Egiten dut eta hurrengo egunean berriz desegiten dut.

Sare sozialak ere badituzue.

Ni nago horren atzean, baina laguntza dut. Oso gertuko pertsona batek mundu horretan egiten du lan. Ni sare sozialetan ez naiz oso aditua, eta ez nago oso egunean eta. Facebook daukagu eta orain Instagram kontua ireki dugu. Garai batean webgunea zen bizirik zegoena, baina gaur egun informazio puntu moduan ikusten dut. Albisteak sare sozialetan ikusten ditut, argazkiak... Geroz eta gazte gehiago daude Bedaion, eta gazteak Instagramera joaten dira.

'www.bedaio.com' da webgunea. Sartuz gero, zer dago?

Hasteko sarreratxo bat Bedaio zer den ez dakienak jakiteko. Lotura batzuk daude sare sozialetara eta blogera. Eta atal ezberdinak ditu Bedaioren inguruko informazioa helarazteko: mendi ibilbideak, nola iritsi, pertsonaia ospetsuak, urtean zehar egiten diren ekitaldiak...

Urtean zehar gauza asko antolatzen dira Bedaion.

Bai. Gauza xumeak, baina beti saiatzen gara bi hilabetean behin behintzat zerbait egiten.

Zer du Bedaiok?

Zaila da azaltzen. Ni betidanik Bedaion bizi izan naiz, eta Donostian bizitzen egon nintzen urte batez, eta nik behar nuen Bedaio. Asteburuetan etortzen nintzen eta deseatzen egoten nintzen. Deskonektatze eta lasaitasun puntua ematen dizu. Eta zerbaiten parte sentitzen gara. Udalaren aldetik laguntza txiki bat badugu, baina jendeak, guk, egiten dugu dena.

Nolakoa da Bedaion bizitzea?

Gai honi helduz, oraindik, ez daukagu banda zabalik. Iristen zaigu zerbait, eta baserri bakoitzaren kasua ezberdina da, baina 10 mega kontratatuta izan arren, 3 iristen zaizkit. Eta nire ondoko etxera ez da iristen. Honelako desabantailak baditu, eta askotan ahaztuta geratzen gara. Esaterako, banda zabala jarri da inguru herri txiki eta baserrietan, baina Bedaioren kasua berezia izan da. Tolosako parte gara eta ez ditugu herri bateko laguntzak jasotzen. Ahaztuta geratzen gara instituzioen aldetik. Nire kabuz ibili naiz sistema ezberdinak begiratu eta probatzen baina...

Kokalekua da arazoa?

Nik uste dagoeneko baliabideak badaudela Bedaiora banda zabala iristeko. Oraindik zain gaude. Wimax sistema alternatiboa izan dugu; ez zen koheteak botatzekoa, baina lege bat zela eta ekainean kendu egin ziguten.

Eta nola bizi duzue egoera?

Etsipenarekin. Aldundiari ere egin diogu eskaera, baina ez gara herri txikien laguntzetan sartzen. Mugikorren kobertura erabiltzeko eskatzen digute, baina hori ere ez dugu; leku konkretuetan bakarrik. Ezin dut dei bat egin nire etxetik mozketarik gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!