51. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Gaur hasiko da abesbatzen arteko lehia

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 31a, 07:58

Indonesiako, Alemaniako eta Suitzako ahotsekin hasiko da gaur, Tolosako Abesbatza Lehiaketa; 'Ataria'-k jarraipena egingo dio.

Gaur hasiko da Tolosako 51. Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa.

19:30etik aurrera, Leidor aretoan, polifonia eta folklore sailetan ariko dira Indonesiako Consolatio Choir Universitas Sumatera Utara, Alemaniako Collegium Musicum Berlin Chamber Choir eta Suitzako Männerstimmen Basel taldeak.

Aurten ez da Euskal Herriko abesbatzik egongo, izan ere, zaila da urtero bertako taldeak izatea. Galiziatik eta Asturiasetik iritsiko dira gertukoenak, Coro Gaos eta Aurum, hurrenez hurren.

ADITUEN IRITZI ETA KRONIKAK

TOLOSALDEKO ATARIA-k ere lehiaketa jarraituko du eta horretarako Migel Zeberio Tolosako abesbatza zuzendariaren laguntza izango du.

Zeberiok lehiaketako emanaldien kronikak egingo ditu eta webgunean izango dira irakurgai. Astelehenean bertan Zeberioren ikuspuntuaz gain, Irati Hartsuagarena ere izango dugu. Horretaz gain, noski, ATARIA sari banaketan egongo da eta emaitzen berri emango du igandean bertan, webgunean. Abesbatza Lehiaketak emandakoa ere bilduko dugu astearteko egunkarian.

ATARIA IRRATIAN ere bere lekua izango du Abesbatza Lehiaketak. Asteartean asteburuan zehar nahiz igandeko sari banaketan izan diren doinuetako batzuk entzun ahalko dira, eta Migel Zeberio abesbatza zuzendariarekin aztertuko du irratiak aurtengo lehiaketak emandakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!