51. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Lau eguneko oasia belarrientzat

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urr. 30a, 19:59

Bihar ekingo diote Tolosako 51. Abesbatza Lehiaketari, Leidor aretoan, eta, igandera bitarte, herria abesbatzen munduko hiriburu bilakatuko da. Aurten, ganbera abesbatzekin batera, ahots taldeen txanda izango da, eta musika sakratuan eta profanoan ariko dira.

Consolatio Choir (Indonesia)

Sumatrako Medango unibertsitate ikasleek sortutako korua da, eta kalitatezko maila dute. Besteak beste, Grazen (Austria) bi domina jaso zituzten 2017an.

Coro Gaos (Espainia)

Izen bereko orkestratik sortutako proiektua da, eta a capellamusika eta musika sinfonikoa lantzen dituzte. Hainbat sariren jabe dira, 2010ean hasi zirenetik. 

Aurum (Espainia)

Harrobiaren fruitua da ganbera abesbatza, eta soinuaren kalitatea bilatzea da emakume ahots hauen helburua. 2014an polifonia-fokloreko 3. saria jaso zuten Tolosan. 

Collegium Musicum Berlin (Alemania)

Berlingo ganbera abesbatza hau 1989an sortu zuten, eta hainbat sari irabazitakoa da, batez ere, a capellaabestuz. Donka Miteva da zuzendaria. 

Mixed Choir Pa Saulei (Letonia)

2009an sortua, Letoniako koru sortzaileena da. 2014ko Internationaler Robert Schumann Chorwettbewerb & Festival-eko sari nagusia dute lorpen handiena. 

JCA National Youth Choir (Japonia)

Gazteentzako abesbatzen udalekuetatik sortutako taldea da, eta Japonia osoko abeslariak daude. Errepertorio zabala eta teknika ezin hobea dituzte. 

Swara (Belgika)

AHOTS TALDEA. Bruselan du jatorria, eta abeslari profesionalak dira, musika garaikidea eginez. Beren ahots tinbre bereziengatik aukeratu dituzte lehiarako. 

Männerstimmen Basel (Suitza)

Beren herrialdeko eta nazioarteko epaimahaiak txundituta utzi izan dituzte. 18-32 urteko gizonezkoz osatutako abesbatza da, eta horrek ere berezi egiten ditu. 

441 Hz ganbera abesbatza (Polonia)

Gdansk musika akademiako ikasleek sustatutako korua, Poloniako laudorioztatuena da. Erosotasun gunetik irten, eta diziplina arteko lanak egin ohi dituzte. 

The Korrigan Consort (Erresuma Batua)

AHOTS TALDEA. Oxford-en dute egoitza, eta antzinako eta egungo musikaren ikuspegi esperimentalak lantzen dituzte. Bost kide ariko dira Tolosan. 

Art'n Voices vocal ensemble (Polonia)

AHOTS TALDEA. Erdi Arotik aro garaikidera bitarteko musika lantzen dute, eta azken bost urteotan bederatzi sari nagusi jaso dituzte Europan. 

Vocal Group ERA (Letonia)

AHOTS TALDEA. Hamar urteko ibilbidea osatu dute 6 emakumeek, eta Letoniako ahots talde ezagunenetarikoa da. 2012. urtetik hona hainbat sari jaso dituzte. 

Batavia Madrigal Singers (Indonesia)

Indonesiako koru misto onenetakoa, eta Tolosako lehiaketan aski ezaguna: 2017an, sari nagusia irabazi zuten, eta Europako Sari Nagusian lehiatu den koru indonesiar bakarra dira. 

Bel Canto Choir Vilnius (Lituania)

2009an sortutako taldea, Lituaniako abesbatza misto ez profesionaletan onena da. 2014ko udan munduko abesbatza onenen klubera batu, eta 90,63 punturekin urrezko domina lortu zuten. 

Gema Sangkakala (Indonesia)

AHOTS TALDEA. Indonesiako emakume abesbatza onenetarikoa da, 16 kidez osatua, eta emaitza bikainak lortu izan dituzte, bai Indonesian, bai nazioartean. 

Glier Institute of Music Vocal Group (Ukraina)

AHOTS TALDEA. Kiev-eko Glier musika institutuko emakumeen abesbatza da, Galina Gorbatenkok zuzendua. Jatorri ukrainarra duen zuzendari ezagunenetarikoa da nazioartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!