Emakumeen Etxeko funtzionamendua zehaztu bidean

Ataria 2019ko urr. 29a, 19:58

Uztaila bitarte hainbat bilera egingo dituzte besteak beste, etxearen araudia, funtzionamendua, finantzaketa eta dinamizatzailearen kontratazioa definitzeko.

2016. urtean hasi zen Tolosan egongo den Emakumeen Etxearen proiektua, eta jada urrats garrantzitsuak eman baditu ere, lan asko egin behar da oraindik eta bigarren fasea irekiko dute aurki. Uztaila bitarte hainbat bilera egingo dituzte eta lehena azaroaren 20an izango da. Bilera horietan etxearen araudia, funtziomamendua, finantzaketa eta dinamizatzailearen kontratazioa definituko dituzte. Lantaldeak horretan ari dira jada, hau da, talde eragilea, motorra, politiko-teknikoa eta Emakumeen Gune Zabala izenekoa.

Bestalde, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen aurreproiektua egina dago eta behin hori onartuta, Tolosako Udaleko Hirigintza sailak proiektua egiteko eskaera egingo du, 2020. urteko aurrekontuan proiektua babesteko diru kopuru bat gordez.

ANIZTASUNA

2018an parte hartze prozesu bat abiarazi zuten proiektuari forma emateko eta Tolosako Olatz Peon Ormazabal alkateak esan duenez, oso aberasgarria izan da. «Orain arteko ibilbidea erabat aberasgarria izan da, oso talde anitzek parte hartu dute prozesuan, adin, jatorri eta formakuntzari dagokionez, eta Tolosako zein Tolosaldeko emakumeek parte hartu dute prozesuan, eskualdeko izaera duen espazioa izango baita». Alkateak elkarlana nabarmendu du: «Elkarlana oinarri izan duen prozesua izan da; Emakumeen Etxeak erreferentziazko gune bat izan behar du emakume guztientzat, eta horregatik, hasieratik inplikatu ditugu emakumeak proiektuan; elkar ezagutzeko, elkarlanean ekimenak garatzeko eta antolatzeko, emakumeen topaketarako eta eztabaida eta hausnarketarako gunea izango da».

Tolosako Udaletik aurreratu dutenez, Emakumeen Etxeak hainbat jarduera eta zerbitzu eskainiko ditu, eta udaleko Berdintasun saila bertan egongo da. Jarduera guzti horiek aurrera emateko beharrezkotzat jo dute ere dinamizatzaile bat kontratatzea. Besteak beste, ondorengo jarduera eta zerbitzuak eskainiko ditu Tolosaldeko Emakumeen Etxeak: Jabetze Eskolaren jarduerak, informazio zerbitzua, harrera eta arreta juridikoa, arreta psikologikoa, ikasketen homologazioa, indarkeriarekin lotutako zerbitzuak, emakume taldeen jarduerak eta sexologia zerbitzua.

AURREKONTUAN

Tolosako Udalak datorren urteko aurrekontuak partida bat jasoko du proiektua babesteko, izan ere «espazio berria sortzeko inbertsioa, bere osotasunean, udalak egingo du», esan du Peon Ormazabalek. Halaber, Emakumeen Etxea gizarteratzeko bideo bat egingo dutela gaineratu du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!