Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko flashmob-a egingo da aurten ere

Ataria 2019ko urriaren 29a

Azaroaren 23an izango da hitzordua, 12:00etan Trianguloa plazan. Abestia eta koreografia bideoz zabaldu dute.

Tolosako Udaleko Gazteria eta Berdintasun sailek bultzatuta, eta Udaberri dantza taldearen, Usabal kiroldegiaren eta Kultur Etxearen, Alur dantza taldearen eta herriko ikastetxeen laguntzarekin, emakumeen kontrako indarkeria salatzeko flashmob-a egingo da aurten ere. Emakumeenganako Indarkeriaren Nazioarteko Egunaren harira antolatu den ekitaldia eta azaroaren 23an egingo da, larunbata, 12:00etan, Trianguloan.

Ekintza honen helburua emakumeenganako indarkeriaren kontrako aldarrikapen masiboa egitea dela azaldu dute udaletik, eta haurrek eta gazteek gai honen inguruan kontzientzia hartzea.

Aurtengo abestia aukeratu da jada eta koreografia ere sortu da, flashmob-ean parte hartu nahi duten guztiek koreografia ikasi dezaten.

Modus Operandi taldearen “Ezetz da ezetz” abestia aukeratu da flashmob-erako eta koreografia Mila Garcia de Iturrospek eta kiroldegiko lantaldeak egin dute.

Azaroaren 23an soinean zerbait txuria edo morea eramateko eskatzen da. Txuriz jantzita doazen pertsonei puntu moreak emango zaizkie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!