Unai Arroyok Lasarte Oria Bai! irabazi du

Ataria 2019ko urriaren 28a

Argazkia: @isaacfotografia

10 kilometroko ibilbidea 30 minutu eta 54 segundotan amaitu du. Martin Amilibia izan da bigarren, 31.30eko denborarekin. Podiuma Kamel Zianik osatu du, 31.37rekin. 

Atleta tolosarra gustura zegoen Lasarte Oria Bai! lasterketa irabazi ondoren. Euskadi Irratian poz hori azaldu zuen: "2012an edo 13an irabazi nuen lasterketa hau, oraindik gaztea nintzela. Berriro irabaztea oso pozgarria izan da. Bi hilabete goaz entrenatzen, eta gustura egoteko moduan nago". 

Lasterketa 5. kilometroan hautsi zuen tolosarrak: "3.05eko erritmoan hasi ginen. Anoa gunea eta gero, atzera gelditzen ari zirela ikusi nuen eta aurrera egitea erabaki nuen. Geroztik ordulariari begira joan nintzen, 3.05eko erritmo hori mantendu nahian".

Lasartekoa irabazi ondoren, maratoi erdiari begira jarriko da Arroyo, Behobia alde batera utzita. "Ez dut gehiegi prestatu baina gorputza egokitzeko egingo dugu maratoi erdia. Ondoren, betiko krosak etorriko dira: Venta de Baños, San Silvestrea, Elgoibarkoa eta Amorebietakoa". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!