Argazki galeria

Bertako uzta, guztien eskura

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urriaren 27a

Bedaiotarrek goizean ospatu dute XII. Azoka Berezia. Hainbat produktu ikusi, dastatu eta erosteko aukera izan da auzoko frontoian. Besteak beste, lore eta landareetan aditua den Jakoba Errekondo izan da, liburuak sinatzen.

Bertako babarruna, barazkiak, etxeko labe zaharrean egindako ogia, mondejuak, arrautzak, zuhaitzek eskaintzen dituzten fruituak, piper erreak, ukenduak, xaboiak, etxean egindako postre goxoak, esnekiak edota gaztak. Horiek guztiak izan dira protagonista, gaur, Bedaioko frontoian. Horiek, eta baita bertara gerturatutako bisitariak ere; jende ugari joan da azokara. Aurten, ordea, inoiz baino jende gutxiago gerturatu dela adierazi dute zenbait auzotarrek. Urteko garai egokienean ospatzen dute azoka Bedaion, eta beraz, kalitatezko produktuak erosteko aukera izan da gaur ere.

Sagardoa nola egiten den ere azaldu dute dolare txiki baten bidez, eta lehen sagar zukua dastatzeko aukera izan da. Baserriko animaliak ere ikusgai jarri dituzte, eta erleen hainbat produktu dastatu eta erosteko bidea ere izan da. Azken urteotako arrakastaren ondoren, aurten ere, landare eta loreetan aditua den Jakoba Errekondo izan da Bedaion, interesa zutenekin hitz egin, kezkak ase, ezagutzak elkarbanatu, eta berak idatzitako liburuak sinatzeko.

Irurako Lules Gabarain Bolillo bidezko eskulanaren teknika erakusten aritu da Erakustoki Txokoan, garai bateko ezkontza egunetarako prestatzen zituzten esku lanez egindako hainbat zapirekin. Beste gonbidatua Zorione Mendez artista usurbildarra izan da, bere Marrak artelanarekin.

Goizean zehar, gainera, txartelak saltzen aritu dira. Izan ere, bertako produktuekin osatutako saski bat zozkatu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!