Gaurkoan, ordea, gosariak ez dit onik egin; irakurri dudan lehen albistea Lampedusa inguruan beste ontzi bat hondoratu dela izan da. Bihotza hunkitu zait, irakurtzen jarraitu eta ama bat bere haurtxoari besarkatuta hil eta hondoratu dela jakitean, segituan, nire pentsamendua eta gaitasun enpatikoa nire haurtxoarengana joan da: nik gauero besarkatzen dut nere ttikia, baina ez batera hondoratzeko, baizik eta ipuinak irakurtzeko, sehaska kantak abesteko, goxotasunean lokartzeko.
Askotan esan ohi dugu, zer nolako zorte ona daukagun hemen jaio eta bizi garenok, baina gaur pentsatu dut, hitz polit horiek hainbeste errepikatu ostean, ez al garen horretaz ahaztu. Behar duguna baino askoz gehiago daukagu, horrenbesteko betekada daukagu behar ez ditugun gauzekin, ez garela konturatzen benetan axola duena kentzen ari digutela. Beste eskubide askoren artean, pertsonak erreskatatzeko eskubidea ere kendu digute. Hain sinestezina iruditzen zait! 2019.urtean, gizalegez jardutea delitua da eta delitua diren ekintzak ez dira nabarmentzen, eta are gutxiago kondenatzen.
Eta gainera, gure kontzientziaren ahotsak isilarazteko, ontzi horietan datozen pertsonak kriminalizatu ditugu, min gutxiago ematen baitu egunero itotzen diren pertsona horiek gaizkileak bezala ikusteak.
Ez daukat nik mundua konpontzeko errezeta magikorik, nahiago nuke, baina ezin dugu ahaztu egunero Mediterraneoan gertatzen ari dena, itsasoa baino hilerria dirudi. Nire ahotsa ozenago entzun dadin aprobetxatu nahi izan ditut lerro hauek, pertsona hauen guztien bizitzak defendatzeko beharrean gaude, gure integritatea mantendu nahi badugu. Gizarte sano batek ezin du horrelako basakeri baten aurrean ezer gertatu izango ez balitz bezala jokatu, ausardiaz ekin beharko genuke, zentzugabeko aurreiritziak alde batera utziz eta ateak zabalduz.
Idazten bukatu eta 'gorde' sakatu aurretik, nire alboan lo dagoen haurtxoa mugitu egin da eta hoztu ez dadin manta ipini diot gainetik, konturatu gabe, nire gogoetak Lampedusan urperatutako haurtxoarengana joan dira, haren estalkia itsasoko ura izango dela pentsatuz...