«Lehiaketa hauetan dabilenak badaki Tolosan irabazteak prestigioa ematen duela»

Irati Saizar Artola 2019ko urr. 28a, 05:59
Xabi Ormazabal. IRATI SAIZAR

Ahots ugari batuko dira lau egunez Tolosan. Urriaren 31tik azaroaren 4ra bitarte 51. Tolosako Abesbatza Lehiaketa ospatuko da. Xabi Ormazabal da lehiaketako zuzendariordea eta «ia guztia» prest dutela dio, ostegunean lehia hasteko.

Iaz bete zituen 50 urte lehiaketak. Bai zenbakiz, bai bestela ere, borobila izan zen. Aurtengoa ere hala izaten saiatuko zarete?

Urtero-urtero hori izaten da gure erronka. Batez ere, lehiaketako kalitate maila mantentzea. Zaila izango da iazkoa gainditzea, izan ere, iaz lortutakoa oso zaila izan zen, hiru urteko lana eman zigun, eta sekulako abesbatzak izan ziren, baina, tira, aurtengorako ere gogotsu gaude.

Zer aurkituko du lehiaketa ikustera doanak?

Alde batetik, ganbara abesbatzak ditugu, hau da, 20-40 abeslari artekoak. Bestetik, ahots taldeak ere izango ditugu, 4 eta 16 abeslari artekoak. Bakoitzak bi modalitatetan abestu beharko du. Handiek polifonian eta folklorean abestuko dute, eta txikiek musika erlijiosoan eta profanoan. Beraz, lau modalitate ditugu eta modalitate bakoitzean hiru sari ematen dira. Hori horrela, gutxienez hamabi sari emango dira igande horretan. Bestalde, ikuslearen saria izaten dugu, baita euskal abesti baten interpretazio onenaren saria eta Kutxa Sari Nagusia ere. Azken sari hori, puntu gehien lortu dituen abesbatzak eramango du, eta abesbatza hori izango da, hain zuzen, hurrengo urteari begira, Europako Sari Nagusian Tolosako Lehiaketa ordezkatuko duena.

Zenbat taldek hartuko dute parte?

Hamar ganbera abesbatza ariko dira lehian, eta sei ahots talde.

Euskal Herritik kanpokoak izango dira guztiak?

Bai, guztiak kanpotarrak. Aurten ez da euskaldunik. Zaila izaten da urtero bat lortzea, ez daudelako hainbeste maila honetako lehian ibiltzen direnak. Hala eta guztiz ere, bi talde datoz estatu mailatik: bata Galiziatik, eta bestea Asturiastik.

Izan dira urteak abesbatza tolosarrak oholtzan ikusi ahal izan direnak.

Bai, eta hori berezia izaten da, beti. Lehiaketako historian zehar, Leidor abesbatzak, Eresoinkak, Hodeiertzek eta Cup taldeek, besteak beste, parte hartu izan dute. Berehala nabaritzen da ikuslearen aldetik; talde hori irteten denean sekulako txalo zaparrada egoten da.

Zer ezaugarritako taldeak igoko dira oholtzara?

Munduan dauden abesbatza musika eskola ezberdinetakoak ekartzen saiatzen gara beti. Adibidez, ekialdean, Indonesia bada herri bat duela urte batzuk arte ez zeukana abesbatza munduan talde ezagunik, baina, azken hamabost bat urtetan, sekulako abesbatzak sortu dira, eta gaur egun, mundu osoan zehar bidaiatzen dute. Aurten, Indonesiatik bi talde handi eta txiki bat datoz. Hauek, batez ere folklorean oso ikusgarriak izaten dira, koreografiekin eta dantzak sartzen saiatzen direlako. Bestalde, Lituaniatik, Letoniatik, Poloniatik, Erresuma Batutik, Belgikatik, Ukrainatik eta Japoniatik datoz.

Edozein abesbatzak eman dezake izena?

Izen ematea maiatzaren 15a arte irekita izaten da. Alde batetik, izena ematen duten abesbatzak izaten dira, eta bestetik, guk bilatzen ditugunak. Batzuetan, munduan dauden beste lehiaketak ikustera joaten gara eta hortik harrapatzen ditugu batzuk, eta gaur egun, sare sozialetatik ere bilatzen ditugu eta gonbidapenak luzatzen ditugu izena eman dezaten. Gerora, batzorde artistikoak erabakitzen du zer abesbatzek parte hartuko duten.

Abestiei dagokienez, aukeraketa librea da?

Haiek aukeratzen dituzte, baina badituzte hainbat baldintza mantendu behar dituztenak: abestiren batek zein mendetakoa behar duen izan, adibidez. Folklorean, esaterako, denek obra behartu bat izaten dute, euskaraz abestu behar dutena. Aurten, ahots nahasietarako Xabier Sarasolaren Neguan orbela obra izango da, eta ahots berdinetan Iker Gonzalez Cobeagaren Maitia obra izango da. Horrez gain, bigarren bat ere euskaraz abestu beharko dute, eta beraien folklorean oinarritutako hainbat obra ere abestuko dituzte. Polifonia arloan, berriz, ahots nahasiek David Azurzaren Buscando mis amores obra abestu beharko dute , eta ahots berdinetan, Albert Alcarazen Nunc Dimittis obra.

Mundu osoko txoko ezberdinetatik datozen abesbatzak zer moduz moldatzen dira euskaraz abesten?

Nahiko ondo. Normalean, grabaketa bat bidaltzen diegu testua nola ahoskatzen den erakusteko, eta bakoitzaren jatorrizko hizkuntza nolakoa den kontuan hartuta, errazago edo zailago egiten zaie, baina oso ondo prestatzen dute.

Epaileek nahiko lan izango dute.

Sekulako lana izaten dute. Kasu honetan, zazpi pertsonek osatuko dute epaimahaia. Enrike Azurza izango da epaimahai buru eta gainontzekoak Europako toki desberdinetatik datoz. Aurten, bi emakume eta bost gizonezkok osatuko dute, eta nazioartean ezagunak diren pertsonak dira, beraien abesbatzak sarituak izan direlako edo konpositoreak direlako. Aurten, ahots taldeen saila daukagunez, Paul Phoenix King's Singers taldeko abeslari ohia dator.

Lehiaz aparte, badituzue beste hitzordu batzuk ere.

Azaroaren 2an, larunbatean, 19:30ean, Topic-en errezital bat egongo da Juan Laboreria baritonoa eta German Ormazabal pianista tolosarraren eskutik. Euskal konpositore batzuen obrak, tartean tolosarrak izango direnak, abestuko dituzte, eta beste zenbait obra ere entzuteko aukera izango da, Topic-en.

Nazioarteko hitzordu garrantzitsuenetako bat bilakatu da abesbatza. Nola lortu daiteke hori?

Atzetik egon den lan handiagatik da. Kanpoan dauden antzeko lehiaketa batzuekin ere harremana sortuz ere lortu dugu. Nik uste, Europako Sari Nagusiaren Lehiaketa horren barruan egoteak ere lagundu izan duela. Azken batean, badaudelako talde batzuk lehiatzea gustatzen zaienak; beste batzuk, agian, abesteagatik abesten dute eta ez zaie lehiatzea gustatzen. Baina lehiaketa horietan dabilenak badaki Tolosara etortzeak eta irabazteak prestigioa ematen duela, zeren, sariak, diruz, ez dira handiak. Prestigio horrek badu izena mundu mailan. Tolosan irabazteak, gainera, atea irekitzen die hurrengo urtean Europako Sari Nagusiko irabazle izateko.

Tolosa bada zerbait, beraz, abesbatzen munduan.

Nik ez dakit zehazki ba ote dakiten kokatzen Tolosa non dagoen. Baina kanpotik datozenek, Espainiara doazela ikusten dute, baina gero euskaraz abestera behartuta daude.Orduan, Espainian baina euskaraz izate horrek nahastu egiten dituzte, eta hor hasten dira pixka bat ikusten zer den euskal kultura, eta zehazki nora datozen.

Egun gutxi pasatzera etortzen badira ere, hainbat jatorri, ohitura eta kultura ezberdin elkartuko dira Tolosan.

Herriarentzat garrantzitsua da hori, baina baita Gipuzkoarentzat ere. Tolosan alojamendu aldetik leku gutxi daukagu, beraz, Gipuzkoako osoko leku ezberdinetan geratzen dira lotan. Gainera, lehiaketarekin batera, ia 80 kontzertu antolatzen dira lurralde osoan; lehiaketa aurreko asteburuan hasten dira eta lehiaketako asteburuan amaitzen dituzte. Abesbatza bakoitzak, adibidez, lehiaketaz gain hiru eta bost kontzertu artean eskaintzen ditu. Alde batetik, ondo datorkie beraien errepertorioari buelta bat emateko, baina, era berean, euskal kultura horretan txertatzen dira.

Zein da lehiaketaren helburua?

Lehiaketaren helburuetako bat kanpoko abesbatza musikan kalitatea duten taldeak ekartzea da, bertakoek ere entzun dezagun eta ikas dezagun kanpokoengandik. Gaur egun, Euskal Herrian dauden abesbatzek eredu izan dituzte Tolosan irabazi izan duten abesbatzak. Era berean, guk ikasten dugun bezala, lehiaketa euskal musika munduratzeko erabiltzen dugu. Oso interesgarria da Jabier Busto, Josu Elberdin, Xabier Sarasola edo Eva Ugalde, gure konpositoreak direnak munduan ezagunak egitea lehiaketaren bidez.

Lehiaketan haien abestiak kantatzen direlako?

Bai, hori da. Hemen abestu direlako, eta gustatu izan zaielako pertsona horiek zer konposatzen duten. Hori horrela, konposatzaileak deitu edo gonbidatu egiten dituzte, bere musika gehiago eskatzeko. Bestalde, askotan, lehiaketan behartuta kantatu behar izan dituzten obra horiek beraien errepertorioetan sartu izan dituzte. Niretzat oso hunkigarria izan zen, adibidez, Hungariako lehiaketara joan, eta Filipinetako haur talde batek obra bat euskaraz abestea. Izan ere berez ez dago behartuta han euskaraz abestera.

 

EGITARAUA

URRIAK 31, OSTEGUNA

19:30, Leidor antzokian. Ganbera abesbatzak.

Polifonia. Consolatio Choir Universitas Sumatera Utara (Indonesia), Collegium Musicum Berlin Chamber Choir (Alemania), Männerstimmen Basel (Suitza).

Folklore. Collegium Musicum Berlin Chamber Choir (Alemania), Männerstimmen Basel (Suitza), Collegium Musicum Berlin Chamber Choir (Alemania).

AZAROAK 1, OSTIRALA

11:00, Leidor antzokian. Ahots taldeak.

Profanoa. Era Vocal Group (Letonia), Gema Sangkakala (Indonesia), Glier College Vocal Group (Ukraina), Art'n Voices (Polonia), The Korrigan Consort (Erresuma Batua), Swara Vocal Ensemble (Belgika).

16:00, Leidor antzokian. Ganbera abesbatzak.

Polifonia. JCA National Youth Choir (Japonia), Coro Gaos (Espainia), Pa Saulei (Letonia), Bel Canto Vilnius (Lituania), Batavia Madrigal Singers (Indonesia).

19:30, Leidor antzokian. Ganbera abesbatzak.

Folklore. JCA National Youth Choir (Japonia), Coro Gaos (Espainia), Pa Saulei (Letonia), Bel Canto Vilnius (Lituania), Batavia Madrigal Singers (Indonesia).

AZAROAK 2, LARUNBATA

11:00, Santa Klara elizan. Ahots taldeak.

Musika sakratua. Era Vocal Group (Letonia), Gema Sangkakala (Indonesia), Glier College Vocal Group (Ukrainia), Art'n Voices (Polonia), The Korrigan Consort (Erresuma Batua), Swara Vocal Ensemble (Belgika).

16:00, Leidor antzokian. Ganbera abesbatzak.

Polifonia. Aurum (Espainia) eta 441 Hz. (Polonia).

Folklore. Aurum (Espainia) eta 441 Hz. (Polonia).

19:30,Topic zentroan. Kontzertu lirikoa Juan Laboreria eta German Ormazabalen eskutik.

AZAROAK 3, IGANDEA

11:30, Leidor antzokian. Leihaketaren amaiera saioa eta sari banaketa. Ekitaldiari Agur Jaunak abesten emango zaio amaiera.

Jarraian. Abesbatza bazkaria, Ferialekuan.

19:00, San Frantzisko elizan. Swara Vocal Ensemble belgikarraren eskutik, ahots kontzertua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!