Gazteen emaitza «oso onak» Euskadikoan

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 25a, 11:58
Kluben Arteko Euskadiko Txapelketara joan ziren Tolosa Atletismo taldeko atleta eta prestatzaileak.

Tolosa Atletismo taldeak Kluben Arteko Euskadiko Txapelketan 20 urte azpiko mailan lehen postua lortu du emakumezkoetan zein mutiletan, eta 16 urte azpikoetan hirugarren postua lortu du emakumezkoetan eta laugarrena mutiletan.

«Kontuan hartuta 2018-2019 denboraldia oso luzea izan dela, eta irailean hasi genuela denboraldi-aurrea, oso onak izan dira lortu ditugun emaitzak», esan du Maddi Lillo zuzendari teknikoak. «Atleta guztiek dena eman dute emaitza horiek lortzeko. Denboraldia hasi besterik ez dugu egin, eta markei ez diogu begiratu».

20 urte azpikoen mailan, emakumezkoetan «ondo» ariko zirela espero zuten. «Taldea oso indartsua da eta ia bajarik ez zegoen. Gizonezkoetan lehen postua lortzea izan zen ezustekoa, taldea osatzeko arazo dezente izan genituelako», zehaztu du Lillok. Bestalde, 16 urte azpiko mailetan orokorrean izan zen maila nabarmendu du.

Klub bezala horrelako emaitzak lortzea «oso garrantzitsua» dela dio Lillok. «Guri klub bezala horrelako txapelketak izugarri gustatzen zaizkigu, hor ikusten delako talde bezala dugun giroa, eta gure arteko harremanak indartzeko balio dutelako». Azkenik taldeko gazteak «indartsu» datozela nabarmendu du: «Talde nahiko gaztea dugu eta horrelako emaitzak lortzen direla ikustea oso positiboa da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!