Olarraingo inguruez mendi bizikletan gozatzeko proba

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 25a, 10:59
Orain bi urte egin zen martxaren une bat. JOSU ARTUTXA

Olarrain auzoko festen barruan, XXXI. Abraham Olano Mendi Bizikleta Trabesia Herrikoia egingo da igande goizean. «Bere garaian batzuk hasi ziren auzoko festetan zerbait antolatzeko asmoz, eta 31. aldira iritsi gara», esan du Ekaitz Izagirre antolakuntzako kideak. Abraham Olano Peñak antolatzen du martxa, eta peñak berak bere egoitza Olarraingo Lagunarte elkartean du.

Abraham Olano txirrindulari ohiak parte hartu izan du eta antolakuntzan ere aritzen da. Aurten, baina, ezingo du parte hartu, kanpoan baita. Antolakuntza taldean dozena bat lagun daude, eta horrez gain laguntza eskatu egin behar izaten dute, Izagirrek azaldu duenez: «Ibilbidea da lan gehiena ematen duena. Basoetako bideak ez dira garai batean bezala ibiltzen, eta ibilbidearen zati handi bat urtero garbitu behar izaten dugu».

Proba 09:30ean hasiko da, eta izena eman nahi duenak aukera du horretarako auzoko elkartean, 08:00etatik 09:00etara. 14 urtetik gorakoek parte hartu ahal dute mendi bizikleta martxan. Federatuek 10 euro ordainduko dituzte eta federatu gabe daudenek 15 euro. Ez dela lehiaketa gogora ekarri du Izagirrek: «Martxa bat da eta, beraz, ez da inongo sailkapenik egiten. Bukaeran hainbat produkturen zozketa egiten da».

Parte hartzaileak Olarraindik ateratzen dira eta Tolosako herrigunetik itzuli bat eman ondoren, Olarrainera itzuli eta hortik Korteta landetxera igotzen dira eta handik Urkizu aldera. Ondoren, Dama-Iturrira jaisten dira, eta berriro Kortetara itzuli eta Albiztur aldera joaten da. Ibilbide motza egingo dutenak, zuzenean Urkizura igoko dira, eta ibilbide luzea egingo dutenek Urkizura iristeko beste bide bat hartuko dute Hernioko pistatik barrena. Ibilbide luzekoek 32 kilometro eta 1.100 metro aldapan gora izango dituzte, eta ibilbide motzekoek 26 kilometro eta ia 900 metro aldapan gora egingo dituzte. «Saiatzen gara denontzako moduko ibilbide bat bilatzen», esan du Izagirrek. «Feedbacka oso positiboa izaten da. Ez da oso luzea, eta saiatzen garena da ibilbide gehiena bidexketatik izaten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!