Aro berri baten lehen abesbatza lehiaketa

Ataria 2019ko urriaren 24a

Iaz mende erdia bete ondoren, urriaren 31n, 50+1. Tolosako Abesbatza Lehiaketa hasiko da. Amateur mailako munduko abesbatza onenetakoak izango dira Leidorren eta Santa Klaran. 

50. urteurreneko abesbatza lehiaketa atzean utzi ondoren, aro berri bati eman nahi diote hasiera antolatzaileek. Tolosako Ekinbide Etxeko kideek, urte guzti horietan entzuleek izan duten bilakaera eta garrantzia azpimarratu dute. Heziketa prozesu batekin alderatu dute abesbatzak Tolosari egindako ekarpena. Eta egun, munduko abesbatza lehiaketa garrantzitsuenetako baten aurrean gaudela azpimarratu dute. Entzuleei eskerrak emateaz gain, aurtengoan ere kontzertuetara gerturatzeko eskatu diete. 

Tolosako Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioko kideek, entzuleekin batera Ekinbide Etxea bera izan dute gogoan. Urte guzti horietan egindako lanagatik eskerrak eman eta aurrerantzean ere bidelagun izateko asmoa azaldu dute. 

51. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Lehiaketari dagokionez, 16 koru izango dira Tolosan urriaren 31tik azaroaren 3ra. Horietatik 10 ganbera abesbatzak izango dira, eta sei ahots taldeak. Azken hauek bi urtean behin parte hartzen dute Tolosako lehiaketan, haur abesbatzekin txandaka ibiltzen baitira. Aurten, beraz, ahots taldeei tokatzen zaie. Munduko txoko desberdinetako abeslariak izango dira Leidorren eta Santa Klaran: Alemania, Espainia, Indonesia, Japonia, Letonia, Lituania, Polonia, Suitza, Belgika, Erresuma Batua eta Ukraniakoak. 

Abonoak erosteko epea urriaren 13an amaitu baldin bazen ere, sarreren salmenta zabalik dago urriaren 19tik, Leidorren, 18:30etik 20:00etara. 

Tolosaldeko Ataria-k, hurrengo egunetan, abesbatza lehiaketaren xehetasun guztiak zabalduko ditu. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!