Alua balioan jartzeaz

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 23a, 15:59

Iaz Poltsikoko Antzerki Sorkuntza saria eskuratu zuen ‘Ama-alu-lur Sorgin baten ametsak’ antzezlana izango da etzi, Tolosako kultur etxean; Zikloiaren hamargarren edizioaren barrko saioa da.

Tolosa Aurtengo Zikloiaren barruan, Ama-alu-lur Sorgin baten ametsak antzezlanaikusteko aukera izango da etzi. Tolosako kultur etxean izango da, 20:30ean.

Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena sustatzen duen Poltsiko Antzerki Sorkuntza saria irabazi zuen iaz Tolosako Intujai Teatro taldeak antzezlan horrekin. gatik. Beatriz Larrañaga eta May Gorostiaga tolosarrek garatutako ideia da. Imanol Arabaolaza tolosarrak eta Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak ere parte hartu zuten prozesuan, azken honek, esaterako, bertsoak sortuz. Aktore lanetan, berriz, Beatriz Larrañaga bera eta Itziar Saenz de Ojer lizartzarra ari dira.

Antzezlanaren abiapuntua komunikabideetan agertutako albiste bat da: Oreretako Aitzibitarte IV kobazuloan, duela 14.000 urte inguruko paleolito garaiko irudiak aurkitu dituzte. Guztien artean goi-behe metro bat baino gehiago den alu bat nabarmentzen da... Albiste horren inguruan sekulako trama prestatuko dute, Espek eta Leok, bi espeleo-arkeologok.

Ekaitz Goikoetxeak nabarmendu duenez, «mezu indartsua» duen antzezlana da: «Duela 15.000 urteko gizakiak halako beharra baldin bazuen kobazuloetan aluak irudikatzeko, ez dakit gaur egunera askorik aurreratu dugun, gizarte honetan alua hitza bera ahoskatzea hainbeste kostatzen zaigunean». Hala, «oso anitza» dela dio, tonu eta erregistro asko baititu: «Antzezlanaren barruan bertsoak ere presentzia handia du, eszena bakoitzaren ondoren, hain juxtu, ikusiko denaren iragarle moduan». 

Horrekin batera, hausnarketara bultzatzen duen lana dela gehitzen du bertsolariak: «Nolakoa izango litzateke gaur egungo gizartea garai batean aluari ematen zioten balioa eman izan bagenio? Gaur egungo hainbat jarrera bestelakoak izango lirateke ziurrenik eta gogoetarako bidea ematen du». Bada, etzi, ostiralean izango da lanaz gozatzeko aukera, kultur etxean.

Zikloiak hamar urte

Hamargarren urteurrena du aurten Zikloiak, eta ospakizun berezia izatea nahi dute. Hala, etziko antzezlanaren ostean, Ama-alu-lur festa 10 urte zikloian antolatu dute, musika eta bertsoak uztartuz, Oihana Iguaran, Ekaitz Goikoetxea, Iñaki Santos eta Kaxueirarekin, 3tabernan, 22:00etan. Azaroaren 6an Txikiren bakarrizketak izango dira 3 tabernan, azaroaren 9an Bea Larrañagarekin Hemendik Parisera eta azaroaren 22an Marta Renyer-en El gran cabaret de Elvira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!