Udal Hauteskundeak 2019. Alkateei elkarrizketak

"Pertsonalismoak ez zaizkit batere gustatzen"

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urr. 23a, 19:58

16 urte daramatza Tolosako Udalean, eta bigarren alkate agintaldia hasi berri du, proiektuei jarraipena emanez, eta berriak sortuz.

Alkatetzako bulegoan erantzun ditu galderak, eta «honezkero inork erabiltzen ez duen» mahai eta aulki historikoen atzean jarri da prest, argazkirako.

Agintaldiko lehen berrikuntza udal antolaketa berria izan da. Nondik dator funtzionamendu horri heltzeko erabakia?

Udala garai berrietara egokitzeko eta udal administrazioa arintzeko etorri da aldaketa, beste zenbait herritako esperientziak ezagutu eta gero. Behin Udate berrituta, pentsatu genuen egokiagoa izan zitekeela, aldaketa agintaldi berriaren hasieran abiaraztea. Poliki-poliki ari gara, baina, aldaketak aukera emango digu, udalean egunero sartzen diren datuak modu erosoagoan jasotzeko. Informazio hori gobernu taldeak izango du, baina baita oposizioak ere, jarraipen zehatza egiteko.

Nola eragingo die herritarrei?

Gaiei jarraipena egiteko tresna berriak sortu dira, eta horrek zerbitzua nola ematen dugun aztertzeko aukera emango digu. Ikusiko dugu non dauden gabeziak, eta nola eman diezaiekegun konponbidea. Gardentasun urratsak emango ditugu, eta herritarrek aldaketa guztien berri izango dute.

Zein puntutan da Plan Orokorraren aldaketa?

San Estebango plan berezia egiteko prozesua martxan dago, baina auzoa zatiz zati aztertzen ari dira, eraberritzea ezin delako modu integralean egin; zenbait zailtasun zekartzan. Emaitzaren eta merkatuaren eskaeraren arabera hartu beharko ditugu erabakiak, San Esteban auzo lasai, atsegin eta bizia izan dadin.

Jakin-min handiena etxebizitzek eta Bonbereneak piztu izan dute. Aurreikuspenik?

Etxebizitzei dagokienez, herritarren beharrak aztertu behar dira eta, horren arabera, zerbait jasangarria proposatu. Gure asmoa da babestutako ahalik eta etxebizitza gehien jartzea, eta alokairuaren aldeko apustua egitea. Hori posible da San Estebanen, eremuaren portzentaje handi bat udalarena delako. Bonbereneari dagokionez, mantentzearen aldeko apustua egina dago, duen kultur eskaintzarekin. Hala ere, guztia bizilagunekin batera egin behar da.

Hauteskunde aurretik, nolabaiteko jarrera aldaketa plazaratu zenuten, ospitale publiko berri bat egingarria zela esanez.

Guk ez dugu jarrera aldaketarik izan, ez dugulako inoiz publikoaren aurkako jarrerarik izan. Publiko-pribatuaren osagarritasunaren alde azaldu izan gara beti. Gizartea aldatzen doa, behar berriak sortzen dira, eta horietara egokitu behar da; ESIen antolaketa berriak titularitate publikoko ospitale bat beharko luke. Dena den, begiratu beharko da zer nolako ospitale publikoa behar duen Tolosaldeak. Udalari ospitalearen kokapena zehaztea egokituko litzaioke, lurra zein izango den erabakitzea. Baina hori ez da ez urtebetean, ez bi urtean amaituko. Ziur aski, hitzarmena berritu egin beharko da, baina aurretik lanari helduz. Kanpotik, normala da aldaketa bat gertatu dela ikustea, baina bilakaera bat dago. Lehen hartutako erabakiak onak izan dira, eta horregatik egon da zerbitzu on bat.

Udal eraikinen erabilera berrantolatzeko lanetan ari zarete. Aldaketak noiz hasiko dira?

Azterketa aurreko agintaldian egin zen, eta dokumentu mardul bat badugu; garapena, seguraski, bi agintaldi edo gehiagotara zabalduko da. Agintaldi amaieran, nahikoa adostasun politikoz onartu genuen, liburutegitik hastea dela egokiena, berau kultur etxera lekualdatuz. Udalbatza berriarekin berretsi behar da eta, ondoren, aztertu beharko da aldaketa horrek zein ondorio ekartzen dituen.

Emakumeen etxeko parte hartze prozesua bukaeran da. Honainoko bidea nolakoa izan da?

Elkarlana aipatuko nuke. Hasiera ezusteko bat izan zen niretzat, oso zabala izan zelako. Kokapena erabakita dago, eta orain hainbat erabaki potolo hartu behar dira: kudeaketa eta finantziazioa, arautegia, eskualdea nola inplikatuko den,... Bitartean, Hirigintza Sailean proiektua lantzen ari dira.

Indargune bat izango da politika feministak garatzeko?

Politika feministak garatzeko, elkartu egin behar da, eta etxea indarrak batzeko gunea izango da. Azken urteotan, emakume taldeek indar berezia hartu dute, nahiko bistakoa izan da Martxoaren 8aren arrakasta. Etxeak horri bultzatzeko aukera eskainiko du.

Zumardi Txikia herritarren aisiarako eraberritzearen ideia zein puntutan dago?

Leku askotan ibaiari bizkarra emanez eraiki ditugu herriak, eta Zumardi Txikia berreskuratzea garrantzitsua da. Konponbide bat eman behar zaio aparkalekuari eta, horren arabera, aurreproiektua bizilagunekin landu.

Usabalgo kanpoko igerilekuak zeresana pizten du udaz uda. Handitzea pentsatu duzue?

Ez. Egia da arrakasta handia izaten duela, uztailean bereziki. Baina, igerilekua baino gehiago, belar eremua betetzen da. Ikusi behar da zenbat egunetan gertatzen den hori, eta dimentsionatu.

Lau urteotan turismoak indar berezia hartu du. Neurtu duzue herrian izan duen eragin ekonomikoa?

Bisitarien datuetan neurtu dugu, baina eragin ekonomikoan ez. Bisitarien profila aztertu dugu: 40-60 urtekoa, gaitasun ekonomikoa duena, kontsumitzen duena eta, gastronomiaz gain, lasaitasunaren bila eta kultur ondarea bisitatzera datorrena. Horretarako, hotel eskaintza berritu eta areagotu behar da, eta indargune bereziak jarri azoketan. Gainera, turismo bulegoa Triangulora lekualdatzea onartu zen, aurreko agintaldian, Tolosaldea Garatzeneko administrazio kontseiluan. Duela urte batzuk proba bat egin genuen, eta askoz gehiago ziren Triangulora bertaratzen ziren bisitariak. Aukera egokiena dagoeneko hutsik dagoen lokal batean bulego berria jartzea da. Trianguloan ezin baldin bada, Triangulotik gertuen dagoen gunean jarriko dugu.

Nola ikusten duzu Tolosako merkataritza 10 urte barru?

Belaunaldi aldaketa da erronketako bat, baina baita lehiakortasuna eta modernizazioa ere. Merkataritzaren etsairik handiena internet da, eta Tolosa&Co elkarteak bere helburuen artean du hori. Gogoko.eusabian da; hori indartzen jarraituko dugu, eta kontzientziazio kanpainak egiten ere bai. Tokiko kontsumoa sustatzea herritar guztion ardura da.

Osoko bilkurek duten funtzioa nola ikusten duzu gaur egun?

Osoko bilkuren funtzioa ez da udalean egiten den guztiaren berri ematea. Nik uste dut, herritarren parte hartzea bestela bideratu behar dela. Gai zehatz bateko eztabaida jarraitzeko interesa duenarentzat balio dezake, baina ez dut uste udalaren jarduna jarraitzeko modua denik; berez ez da bertan eztabaidatzeko. Alderdi bakoitzak bere iritzia emateko aukera du plenoan, eta galde-erreguak ere baliatu egiten dira norbere kezkak azaltzeko, beste ezer baino gehiago, telebistagatik.

Zure ustez, alderdien siglak pixka bat alboratuko balira, errazagoa litzateke zenbait puntutan neogoziatzea?

Pertsonalismoak ez zaizkit batere gustatzen, oso kaltegarriak dira. Ni oso alderdi zalea naiz. Alderdiek berme bat ematen dute, bakoitzak ez dezan bere kabuz erabakirik hartu. Dena den, gauza bat alderdi politikoak dira, eta beste bat erakundeak, eta, behin erakundetzen garenean, ni, Tolosako alkate bezala, Tolosako herriaren zerbitzura nago. Herritar guztiok ez dugu iritzi bera, eta alkateak errespetua zor die denei. Horrek ez du esan nahi, nik, nire militantzian, nire ideologia albo batera uzten dudanik, ezta gutxiago ere. Baina errespetu hori erakundeak zor du. Finean, alderdiak ez dira helburu bat; tresna bat dira, herrirako beste helburu batzuk lortzeko. Nik hori oso garbi daukat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!