20 postu eta askoz gehiago, Bedaion

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 23a, 11:58

Bedaioko XII. Azoka Berezia igandean izango da, eta ikusi eta ikasteko postuak ere izango dira. Jatekorik ere ez da faltako, eta eguna bazkariarekin amaituko dute.

Aurretik egin beharreko etxeko lanak ondo egin, eta prest dute bedaiotarrek XII. Azoka Berezia. Bertan hainbat produktu ikusi, dastatu eta erosi ahal izango dira: bertako babarruna, barazki, etxeko labe zaharrean egindako ogia, mondejuak, arrautzak, zuhaitzek eskaintzen dituzten fruituak, piper erreak, ukenduak edota xaboiak. Baita etxean egindako postre goxoak, esnekiak eta gaztak ere.

«Urte garai hau ezin egokiago izaten dugu hainbat eta hainbat herri txiki eta auzoetan prestatzen dituzten azoketara hurbiltzeko, eta bertako jakiturian murgildu eta ongi suertatzen bada etxera kalitatezko produktuekin bueltatzeko», adierazi dute Bedaioko antolatzaileek.

Sagardoa nola egiten den azalduko dute dolare txiki baten bidez, eta lehen sagar zukua dastatzeko aukera izango da. Baserriko animaliak ikusgai jarriko dituzte, eta erleen hainbat produktu dastatu eta erosteko bidea ere izango da. Azken urteotako arrakastaren ondoren, aurten ere, landare eta loreetan aditua den Jakoba Errekondo izango da Bedaion: «Jendearen kezka eta jakin-minak asetzeko eta ezagutzak elkarbanatzeko aukera paregabea izango da».

Azken urte hauetan jendearen parte hartzeak azokako gune garrantzitsu bilakatu duela adierazi dute Bedaioko Erakustoki Txokoa: «Aurtengo gaia, garai batean gure amona eta birramonak ezkontza egunerako prestatzen zituzten esku lanez egindako hainbat zapi izango dira, eta Irurako Lules Gabarain hurbilduko zaigu Bolillo bidezko eskulanaren teknika erakustera», argitu dute. Beste gonbidatua Zorione Mendez artista usurbildarra izango da, bere Marrak artelanarekin.

Hotzari aurre egiteko, nahi duenak, taloa txorizo edo hirugiharrarekin jateko aukera izango du, eta horrez gain, gaztaina erreak ere aukeran izango ditu.

Azoka 13:45ean bukatuko da, baina goizeko lanaldiak Artubi elkarteak antolatuko duen bazkari batekin izango du amaiera. 20 euroren truke bertako babarrunak jateko aukera izango da, eta goizean zehar txartelak salgai jarriko dituzte. Eta bertako produktuen zozketa berezi bat ere egingo dute.

«Guzti hau ikusi, dastatu, galdetu edo erosi nahi duenak, igandean Bedaiora hurbildu beharko du», azaldu dute. Eta azpimarratu dute: «Ez ahaztu egun bateko erakustoki-saltoki izango den Bedaioko azoka edo beste hainbat herritako azoken atzean, egun askotako gutizi eta maitasunez beteriko duintasun handiko lana dagoela. Denon esku dago hau mantentzea. Bertako produktuak eta garaian garaikoak».

AUTOBUSA BEDAIOZ GOZATZEKO

Tolosako Udalak autobus zerbitzua jarriko du Bedaiora joan ahal izateko. Tolosatik Bedaiora, 10:30ean aterako da autobusa San Frantziskoko geltokitik. 10:45ean Alegian Kikarako geltokian egingo du geldialdia, eta 10:55ean Ugarten, Bedaiorako bidea hartzeko. Bedaiotik Tolosarako buelta, berriz, 13:30ean egingo du autobusak, eta dagozkion geldialdiak egingo ditu, Ugarte, Alegia eta Tolosan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!