Labaka eta Telletxea indartsu hasi dira

Ataria 2019ko urriaren 22a

Argazkiak: 'agerremedia.com'

Ogi Berri-Soroaren Oroimenezko Txapelketaren lehen jardunaldia jokatu zen asteburuan. Nagusien mailan eskualdeko lau pilotariren arteko lehia ikusi zen. 

Soroaren oroimenezko binakako txapelketaren VIII. edizioa martxan da. Beotibarren pilotazale ugari elkartu ziren igandean hiru partida ikustera. Nagusien mailan Eneko Labakak eta Xabier Telletxeak 22-13 irabazi zien Xabi Zubiria eta Aratz Irazustabarrenari. Albizturko bikotea indartsu hasi zen, 8-2ko abantailarekin. Berrobitarraren eta alegiarraren susperraldia orduan iritsi zen, ordea, 9-8ra gerturatuz. Zubiriak aurrean tanto oso politak egin zituen. Beteranoak ez ziren urduri jarri eta zuzenean 18ra joan ziren, markagailua eta partida erabat euren alde jarriz. 
 
Arratsaldeko protagonista nagusia, ordea, Unai Alberdi izan zen. Etorkizunen mailako partidan, Antton Apezetxea lagun zuela, 15 tanto egin zituen azpeitiarrak. 22-8 izan zen azken emaitza, Aitor Zabala eta Aratz Olidenen kalterako. 
 
Jubeniletan, Iker Zubeldia-Jakes Elosegi nagusitu ziren 22-11, Iker Egiguren-Eneko Zalakainen aurka. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!