Maskarak kenduta ikusten dena

Irati Saizar Artola 2019ko urr. 20a, 05:59

Italiatik iritsitako 70 bat txotxongilo aurki daitezke Topic zentroko aldizkako erakusketan. 'Giù la Maschera. Burattinien mundu miresgarria' izena daraman erakusketa martxora arte zabalik egongo da. Istorio berezia duen «familia berezi bat» ezagutu nahi duenak, badaki nongo ateak jo behar dituen.

Burattiniak, plazako esku txotxongiloak dira italieraz. Urriaren hasieratik Tolosan hartu dute lur, Topic zentroan, zehazki. Txukun-txukun eta apain-apain, aldizkako erakusketan jarri dituzte ikusgai. Martxoaren 1a arte zabalik izango da. Guztira, garai eta mota ezberdinetako 70 bat txotxongilo aurki daitezke. 'Giù la Maschera' Burattinien mundu miresgarria du izena erakusketak, eta izenaren lehen zatia italiarrez utzi nahi izan dute: kendu maskara edo jaitsi maskara esan nahi du.

Txotxongiloen «familia berezi bat» aurki daiteke museoan. Hala dio Maria San Sebastian Topic museoaren eta dokumentazio zentroaren arduradunak. «Italiari eskainitako erakusketa da», handik etorriak baitira ikusgai dauden pertsonaia guztiak. Italian, lurralde bakoitzak, eta, batzuetan, lurraldeetako hiri bakoitzak, pertsonaia bana du, beraiena dena. «Txotxongilo bakoitza berea izango balitz bezala sentitzen du jendeak, eta maite du; gainera, pertsonaia horiek oso bizirik daude egun Italiako kaleetan zein antzokietan». Herrialde edota hiri bakoitzak, beraz, bere pertsonaia du, bere izena eta itxurarekin. Euskal Herriak ez du horrelakorik, momentuz, baina San Sebastianek bilatu du antzekotasunik sentipenen inguruan: «Hemengo erraldoiak izango balira bezala dira han txotxongiloak; umeen eta helduen gustuko zerbait izatera iritsi dira».

Italiako pertsonaia guztiek, ordea, jatorri berdina dute: Pulcinella pertsonaia, Napolikoa. Pertsonaia hori Europa mailako txotxongilo pertsonaia zaharrenetarikoa dela azaldu du San Sebastianek. Horri tiraka sortu dituzte gainerako herrialde eta hiriek euren pertsonaiak. Asko, «oso-oso zaharrak» dira: «1700 urte ingurukoak dira batzuk; beste batzuk, berriz, Italiaren bateratzearen bueltan sortu ziren, aldarrikapen modura. Badira jaio berriak edo XX. mendean jaiotakoak direnak ere».

Pertsonaia zaharrak izanagatik, ordea, txotxongiloak ez du zertan zaharra izan. Erabileraren ondorioz eta antzezpenaren arabera, txotxongiloak «gastatu» egiten direla dio: «Antzezpen batean, adibidez, batak bestea makil batez jo dezake». Hori horrela, txotxongilolari bakoitzak pertsonai bakoitzaren bi edo hiru txotxongilo eduki ohi ditu, badaezpada.

Txotxongiloen antzerki mota hori, Burattinien antzerkia deritzona, «oso bizirik» dago Italian. San Sebastianek dioenez, «badaude pertsonaia batzuk Italiako literaturarenak direnak, eta konpainiek berreskuratu dituztenak; beste batzuk, aldiz, txotxongilolari familia bati lotuta daude eta familia hori desagertzean, pertsonaia ere desagertu egin zen, baina badira hil ostean konpainiek berpiztu dituzten txotxongiloak ere, eta egun arrakasta lortu dutenak».

Familiakoak, baina ezberdinak

Erakusketa 70 bat txotxongilok osatzen dute eta pertsonaiaka sailkatu dituzte. Beraz, lurraldeka ere banatuta ageri dira. Pertsonaia jakin bat irudikatzeko, txotxongilo bat baino gehiago aurki daiteke. «Italiako bilduma ezberdinetatik etorritakoak dira, gehienak publikoak dira, baina badira pribatuak ere». Erdi-erdian dago Pulcinella pertsonaia, nagusiena, eta bera aurkezteko lau txotxongilo jarri dituzte.

Txotxongilo ezberdinek, teknika ezberdinak erakusten dituzte erakusketan bertan. Eskularruen teknikaz gain, haga eta hari txotxongiloak ere aurki daitezke. Berezi batzuk ere badituztela dio San Sebastianek: «Pare bat esku txotxongilo bereziak dira hankak dituztelako. Horiek, bi planotan erabil daitezke: bata, goian, gerriz gora agerian dutela, edota behean, hankak lurrean dituztela». Bestetik, esku txotxongiloen barnean, badira eskuineko zein ezkerreko eskuz erabiltzeko eginiko eskularruak ere.

Materialari dagokionez, mota ezberdinetakoak ageri dira: zaharrenak zeramikazkoak edo egurrezkoak dira, eta «nahiko pisu» dute: «Modernoenak ez dira hain pisutsuak, beste material batzuez eginak daudelako».

Erakusketaren izenari jarraituz, aurpegian maskara dutenak eta maskararik ez dutenak ikus daitezke. Aurpegian maskara duten figurak pertsonaiarik zaharrenak dira, Napoleonen garaia baino lehenago sortuak. Napoleonek Italia okupatu zuenean, debekatu egin zuen jendeak kalean zein antzezpenetan maskarak eramatea. Txotxongiloek ere ezin omen zuten maskararik eraman.

Janzkera ere «pertsonaiaren nortasunaren isla» da. «Batzuetan, janzkeragatik jakin daiteke noiz jaio zen, zergatik jaio zen», dio museoaren arduradunak. Txotxongilo batzuek, esaterako, Italiako banderaren koloreak dituzte: berdea, gorria eta zuria. Pertsonaia horiek, Italiako batasunaren alde borrokatu zen garaian sortu ziren, Austria-Hungariako Inperiotik independentzia lortzeko unean. «Pertsonaia horiek, adibidez, horregatik dira hain maitatuak. Lurralde bakoitzak horregatik maitatzen du hainbeste bere pertsonaia». Gainera, pertsonaia askok, Italian egiten dituzten antzezpenetan, lurraldearen dialektoan hitz egiten dutela esan du San Sebastianek.

Txotxongiloen ibilbidea

Museo batera iristen den txotxongiloak bere ibilbide aktiboa amaitu duela pentsa daiteke. San Sebastianek, ordea, beti ez dela gertatzen azaldu du: «Gurean baditugu txotxongiloak, egun, aktibo daudenak, agian modernoenak izango dira, adibidez, Pirù pertsonaiaren txotxongiloa: XX. mendean sortu zen, eta gu bezala lanean ari dira, antzeztu egiten du oraindik. Beste batzuk, ordea, aurretik museoan zeudenak dira, geldirik daudenak».

Topic zentroaren irekieran, Idoia Otegi eta Migel Arretxe zuzendariek garrantzia handia eman zioten txotxongiloen bizitzei. «Topic-en museoan dauden txotxongiloak hona iritsi baino lehen bizitza bat izatea, antzeztu duten txotxongiloak izatea nahi zuten. Horregatik ditugu, horietako asko, erabiliak izandako markekin, kolpeak tarteko. Aurrez beste bizitza bat izan dutelako».

Museoa ikusterako orduan, atzean dagoen historia eta istorioa jakitea garrantzitsutzat jo du museoko arduradunak: «Jarri izan ditugu diseinu aldetik askoz bisualagoak diren erakusketak, baina hau ez da kasua. Testu gutxi dago, baina garrantzitsua da irakurtzea, erakusketari etekina atera nahi bazaio behintzat».

Ikustera hurbildu nahi duenak, Topic-era joatea besterik ez du izango. Hala ere, bisita gidatuak egiten dituzte, aldez aurretik adostuz gero.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!