25 urte barre, ikuskizun batean

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urr. 18a, 16:09

Leidor aretoak 'Lo mejor de Yllana' umore ikuskizuna hartuko du, gaur; konpainiaren ibilbidea errepasatuko dute.

Yllana antzerki konpainia 1991. urtean sortu zen, keinu bidezko umorea lantzeko asmoz, eta oraindik ere arte diziplinen munduan dabiltza, bide berrien bila. 2016an mende laurdena bete zutela-eta, 25 urteko ibilbidea gogora ekartzeko eta ospatzeko ikuskizuna sortu zuten, eta Tolosako Leidor aretoan ikusgai izango da, gaur, 20:30etik aurrera.

Udazkeneko kultur egitarauko hitzordu nabarmenetako bat izango da Lo mejor de Yllana, eta beren ibilbideko gag eta esketx onenak bildu dituzte saioan. Sarrerak eskuragarri daude ticket.kutxabank.eswebgunean.

Marcos Ottone, Juan Ramos, Joe O'Curneen, Fidel Fernandez eta David Ottone dira Yllana taldeko kideak, baina haien atzean sormen lan talde handi bat aritu da, urte horietan guztietan. Izan ere, keinu bidezko antzerki eta umorearekin hasitakoa beste zenbait jardunetara dibertsifikatu du Yllanak.

Horrela, oholtzan bezala aritzen dira, gaur egun, ikus-entzunezkoen esparruan ere. Batetik, sormena eta ekoizpena jorratzen dute, antzerkian eta ikus-entzunezkoetan eta, besteak beste, Paramount Comedy katearekin elkarlanean daramatzate urteak. Bestetik, Yllana konpainiak antzerki espazioak ere kudeatzen ditu, eta kultur proiektuak sustatzen. Horrela, Madrilgo Alfil antzokiaren ardura eurena da, esaterako.

Hiru milioi ikusle

Konpainia hara eta hona ibili da 1991az geroztik eta, 28 urteotan, 30 antzezlan sortu dituzte, guztira. Lan horiek guztiak 12.000 aldiz eskaini dituzte 40 herrialdetan besteak beste, New York, Montreal, Mexiko Hiria, Erroma, Londres eta Paris eta, zenbakiak biribiltzen jarraituz, 3 milioi ikus-entzule izan dituzte urte, herrialde eta antzoki horietan guztietan.

Mende laurdeneko esperientzia, gainera, hainbat sari eta errekonozimenduz jantzi dute Yllana konpainiako kideek. Zenbait aipatzearren, 2019an bertan jaso dituzten hiru: Ikuskizun onenaren Estruc saria, The Opera Locosikuskizunagatik;musika ikuskizun onenaren ikuslearen Avignongo saria, The Primitalslanagatik; eta musika ikuskizun onenaren Max saria, The Opera Locosikuskizunagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!