Beren afizioan oso onak izateaz gain eta ziur asko, saltzaile txarrak, pertsona onak zirela nabarmenduko nuke. Koadro eder askoak egiteaz gain edonori laguntzeko prest zeudenak beren dohain koloretsuekin behar zen eginbeharretan. «Osasuna eta askatasuna» azpimarratzen zuen Iñakik maiz bere koadroetan, arrazoi horretan ere.
Egunkariako lehen zuzendaria Pello Zubiria atxilotu eta torturatu ondoren afaria egin genuen bere neska-lagun Maloresekin udaletako euskara teknikariok. Iñaki Epelderen marrazkia oparitu genion, horretarako ere debalde eman ziguna. Jakin dezala Iñakiren familiak Maloresek eta Pellok Zaldibiko familiaren etxeko Putzuberri sailean zuhaitza landatu zutela eta pago horri Iñaki Epelde Mundiñano jarri ziotela izena, bere ohorez eta omenez.
Jose Luis ezagutzen nuen eta hitz aspertu ederrak egin izandakoak gara honetaz eta hartaz. Patxi ezagutzen nuen baina berak ni ez. Estimatzen nuen bere pintura baina horretaz gain duela urte dezente «mundua aldatu nahi zuen» jendearekin ikusten nuelako nion estimua. Ostiral gauetan Mikel Ariztimuño, Koldo Etxabe, Esola eta abarrekin ikusten nuen afaltzen han edo hemen eta gero, tradiziozko errondan. Ez zeuden konforme mundu honek zeraman martxarekin eta denborak arrazoi eman die, ez bada sapiens-a espabilatzen oso oker ibiliko baita mundu honetan eta oso bero. Bide batez, gutxiengo gutxiengo batek ikaragarrizko dirutzak izango ditu eta gainontzekoak ahal dutena egin beharko dutela aurreikus daiteke. Arrazoi zuten aldatu behar zela ziotenean eta saiatu egin ziren. Agur eta ohore horregatik ere!
Jose Luis Longaron eta Patxi Epelderen omenez ere sartuko ditugu zuhaitz bana Iñakirenaren aldamenean, hagina Jose Luisen omenez eta mahaspila Patxiren ohorez. Gure kontu Jose Luis eta Patxi!
Tolosako azken urteotako marrazki kontuetan erreferentzia handiak, hiru pertsona jator, jakintsu eta emanzaleak. Ondo gogoan ditut, bai horixe!