Etorkizuneko pilotarien erakusleiho, Ogi-Berri torneoa

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 18a, 19:57

Migel Soroaren oroimenezko VIII. Ogi-Berri Torneoari hasiera igandean emango diote, Beotibar pilotalekuan.

Pilota gabe gure herria ez litzateke Euskal Herria, eta pilota dugu gure izaera» esanez hasi zuen VIII. Ogi-Berri torneoaren aurkezpen ekitaldia Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak. Igandean emango zaio hasiera txapelketari, 16:30ean, eta jubenil, promesa eta elite mailako partidak jokatuko dira. Hamabost jaialdiz osatutako txapelketa izango da Migel Soroaren oroimenez egiten dena. Partida guztiak Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu dira, arratsaldez. Hiru kategoriatan banatuta, 36 bikotek parte hartuko dute; maila bakoitzean hiru bikoteko lau talde lehiatuko dira.

Guztira 72 pilotarik parte hartuko dute. Horietatik 36 gipuzkoarrak izango dira, eta horietatik lau Tolosaldekoak. Hamasei Nafarroatik etorriko dira, hamahiru Bizkaitik, bost Errioxatik eta bi Arabatik. Hamar jaialdi igandetan jokatuko dira, eta bost larunbatetan. Finalak, berriz, 2020ko otsailaren 8an jokatuko dira.

Gotzon Enbil Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak eskerrak eman zizkien, «antolatzaileei, babesleei, eta baita pilotariei ere, pilota sustatzeko egiten duten lanarengatik». Onartu zuen txapelketa pribatuek, askotan, arazoak ekartzen dituztela, baina era berean, «afizioa sortzeko txapelketa onak dira», gaineratu zuen. Tolosako udal ordezkariek ere ez zuten hutsik egin, eta Olatz Peon alkatearekin batera izan zen Jose Mari Villanueva kirol zinegotzia. Eskerrak emateaz gain, herritarrei pilotalekura gerturatzeko deia egin zieten.

Alex Sanchez Ogi Berriko ordezkaria, Iker Ariznabarreta Bankoakoa, Antton Soroa, Miguel Soroaren semea eta Aviako Jon Ander Mitxelena ere aurkezpen ekitaldian izan ziren.

Master Cup, Amezketan

Lau eta Erdiko Eskuz Banakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako pilota partidak Amezketako pilotalekuan jokatuko dira, bihar, 16:00etan. Pilota mixtoko sei partida izango dira jokatuko direnak. 92 pilotari ariko dira txapelketan, eta horietako 19 dira pilota mixtoarekin lehiatuko direnak.

Hauek izango dira elkarren aurka jokatuko duten bikoteak: Uxue Oses eta Yarza Carrascal, Miren Olondo eta Ibone Salinas, Laia Salsamendi eta Mirian Arraiz, Madalen Etxegarai eta Amaiur Pikatza, Maddi Unanue eta Andrea Capellan, eta Ane Mendiburu eta Maddi Berrokal.

Bote luzeko finalak, etzi

Gipuzkoak Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finalak jokatuko dira, etzi, Berrizen. 17:00etan hasiko dira, eta edizio guztietan iritsi badira ere gipuzkoarrak finalera, ez dute inoiz lortu txapela janztea. Laugarren finala azken bi urtetako aurkari beraren aurka izango dute: Bizkaia.

Gipuzkoako taldea pilotari hauek osatzen dute: Jon Urbieta, Andoni Urbieta, Ibai Urbieta, Gaizka Iruretagoiena, Iñaki Esnal eta Adrian Bengoa Tolosaldekoek eta Jon Ander Esnaola eta Aimar Orbegozok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!