Elkartasun xingola erraldoia, Kataluniara

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urriaren 17a

Tolosaldeko Gure Eskuk deituta, mosaiko erraldoia osatu dute, Trianguloan, ehunka pertsonak; bihar Uzturreko bidea argiztatzera deitu dituzte herritarrak. 

Kataluniako prozesuaren epaia albisteak eman eta eman ari da, eta eskualdean hainbat elkartasun keinu antolatu dituzte, egunotan. Arratsaldean izan da azkena, Tolosaldeko Gure Eskuk deituta: mosaiko erraldoia osatu dute, xingola hori bat irudikatuz. 

Lurreko markei jarraituz antolatu dira bertaratutako herritarrak, eta eskuekin jasotako paper horiek osatu dute elkartasun marrazkia. 

Bihar, atzo Aiako Harrian egin bezala, Uzturreko punta argitzera deitu dituzte eskualdeko herritarrak. 20:00etan Izaskunen egin dute hitzordua, eta mugikorrekin edo linternekin bertaratzeko eskatu dute, argiaren efektua egin ahal izateko. Larunbatean, berriz, mobilizazio nazionala deitu du Gure Eskuk, Donostian: 17:30ean abiatuko da martxa, Antiguatik, Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna leloa aldarri dutela. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!