Aulkitik

Hasiera berri bat

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Ugartemendia 2019ko urriaren 17a

Aste honetarako helburua argia zen: bolada txarra atzean uztea. Azken hiru partida jarraian galtzeak puntu beharra zekarren, eta aldi berean garrantzitsua zen Pradejonen aurkako lehian izandako sentsazio txarrak alde batera uztea.

Lesioen zerrenda luzea, nahiz bigarren astez jarraian Logroñoraino bidaiatzea ez ziren aitzakia izan behar, eta behin eta berriz azpimarratu zen astean zehar taldearengan izan beharreko konfiantza.

Hala, igandean goizeko zazpi eta erdietan Usabalen hitzordua jarri eta Errioxa aldera abiatu ginen. Partidarako prestatu eta hasierako minututik kontzentratuta irtetea garrantzitsua zen.

Lehen zatian ez zen markagailua mugitu, eta bigarrenean Apari-k, beste gol polit batekin lortu zuen 0 eta 1ekoa sareratzea. Aldea handitzeko aukeraren bat eduki arren, azken minutuetan emaitza estua izanik sufritzea ere tokatu zitzaigun. Ez zen taldearen neurketarik onena izan, baina amaieran, helburu nagusia ziren hiru puntuak etxera.

Argi dago, maila honetan partida errazik ez dagoela, eta etxetik kanpo lortutako puntuek garrantzia berezia hartzen dutela. Asteburukoa hasiera berritzat hartuz, hobetzen joateko lan egitea tokatzen da. Bolada onak jarraipena izan dezan, hurrengo hitzordua igande arratsaldean daukagu Berazubin, Mulier talde nafarraren aurka.

Aupa neskak!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!