Joxi eta Joxean omendu dituzte 36. urteurrenean

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 17a, 11:22

1983ko urrian bahitu zituen GAL-ek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan. Atzo, Olarrainen omenaldia egin zieten. Bertaratu zirenen artean, besteak beste, Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko EH Bilduren diputatua zegoen. 

Ezker abertzalearen izenean irakurri zuten ekitaldiko mezua. Bertan, duela 36 urteko ondorengo esaldia aipatu zuten: "Han caído dos peces en Francia, y se los traen para acá". Galindok Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibilari esandakoa. "Hilabetez basatiki torturatuak izan ostean, Alakanteko hondartza batean erail eta lurperatu zituzten inork topa ez zitzan. Haien gorpuak 1985. urtean topatu zituzten, baina 1995era arte ez zituzten identifikatu eta herriratu". 

Ezker abertzalearen omenaldiko idatziak honela jarraitzen du:

"16 urte beranduago, 2011ko urrian, konponbide justu baten alde urrats garrantzitsu bat eman zuen herri honek Aieteko Jauregian. Baina ordutik zenbaitzuk, ETA-ren ekintzek kaltetutakoak soilik jarri dituzte, eztabaida politiko eta mediatikoaren erdigunean. Bi helburu argirekin: batetik, gatazkaren izaera desitxuratzea eta, bestetik, arrazoizko konponbidea zailtzea".

"ETA-ren armagabetze eta desegitea eman ostean ere, Estatuak, Joxi eta Joxeanen bahiketaren, torturaren eta erailketaren erantzule den Estatu berak, gatazkan izan duen ardura aitortu gabe jarraitzen du. Eta gaur gaurkoz ez dugu horretarako aukerarik ikusten. 78tik garatu den erregimen hau, erabateko deriba autoritario batean sarturik baitago. Katalunian gertatzen ari dena edota Altsasuko gazteekin egin dutena, ematen ari den inboluzio horren adibide bat besterik ez da". 

"Horregatik, konponbiderako euskal prozesua Euskal Herritik eta Euskal Herriari begirakoa izango da, eta neurri batean, Estatuarekin konfrontatu beharko du. Konponbiderako euskal agendan, preso eta iheslarien etxeratzea eta kaltetu guztien aitortza eta erreparazioa dira lehentasunak. Bizikidetza demokratikorako ibilbidean ezinbesteko oinarri gisa".

"Kontziente gara Estatuaren biolentziak eragindako kaltetuen aitortzan eta erreparazioan oraindik bide luzea dagoela egiteko. Naparra oraindik ez da agertu eta Txirrita eta Tottorekin zer gertatu zen oraindik ez dakigu. Bide hau jorratzea guretzat premiazkoa da. Baina gure ekimenak osotasunari begiratu behar dio eta ETAk eragindako kaltetuen eremuan eragin behar du ere. Honek indartzen duelako Euskal Herritik Euskal Herrirako logika. Hau da herri gisa dugun erronak".

"Omenaldirik onena, bakea eta askatasuna irabaztea delako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!