"Emakumeon autoexijentzia, eta dauzkagun konplexu eta mugak oso desberdinak dira"

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urr. 15a, 11:59

'Emakumeak* musika eszenan' ikastaroa eskainiko du, bihar, 17:00etatik 20:00etara, jabetze eskolan; taldean eta bakarlari moduan bizitakoa izango du abiapuntu. 

Skakeitan taldearekin lehenik, eta bakarkako proiektua aurkeztuz gero, Olatz Salvadorrek (Donostia, 1990), oholtza asko zapaldu ditu azken urteotan, eta horietan bildutako sentsazio eta bizipenak izango ditu abiapuntu, bihar, Tolosan. Donostiako Emakumeen Etxean hasi zen, eta geroztik beste hainbat saio eskaini ditu, herriz herri, musika eszena berri eta feminista bat sortzeko ideia elkarlanean garatzeko.

Emakume bakarlari bezala, zein sentsazio bildu dituzu zure ibilbidean?

Nire musika ibilbidea zortzi pertsonak osatutako talde batean hasi zen, Skakeitanen, eta oraindik ere bertan dihardut. Taldean neska bakarra naiz, eta bakarkako formatuko lan taldean ere bai. Kontzertu askotan panorama bera ikusten nuen eta deigarria suertatzen zitzaidan. Beraz, hausnarketa horietatik lanketa bat egiteko beharra sortu zen.

Taldean nahiz zure bandarekin sentitutako horiek, publikoarekikoak dira, ala taldearekikoak?

Ez dakit. Frogatu ahal izan dut, emakume musikariekin elkartzerakoan, giro desberdina sortzen dela. Ez dugu berdin bizi, adibidez, oholtzara igotze hori, edo proiektu bat izatearekin lotutako hainbat gauza: autoexijentzia maila, eta dauzkagun konplexu eta mugak oso desberdinak direla ikusi dut.

Lehen aldiz oholtzara igo zinenean, eroso aritu zinen?

Ez. Lehenengo aldiak ez dira sekula erosoak izan niretzat eta, egia esan, oso urduri jarri izan naiz; oraindik ere, oso urduri jartzeko joera dut. Horregatik, ulergarria da, lehen esperientzia horietatik abiatuta, hori zure lekua ez dela erabaki, eta ez jarraitzea. Nik eskerrak eutsi diodan, toki horretan gozatzen ikasi arte, ez baita erraza.

Uxue Alberdiren 'Kontrako eztarritik' liburuak emakume bertsolarien testigantzak jasotzen ditu, baina, autoexijentziarekin eta beldurrarekin lotutako hainbat gauza, musikariekin pareka daitezke. Zentzu horretan, ahotsa eta gorputzaren egoteko modua aldatu dituzu hasi zinenetik hona?

Bai, bai, aldatu ditut, eta jendeak esan didalako konturatu naiz. Ahotsarekin, esaterako, konturatu naiz beste zenbait emakumek baino bolumen altuagoan abesten dudala; nire lekua aldarrikatzeko mekanismo bat izan dela uste dut. Ez dut nahita egin, baina gaur egun hala ateratzen zait. Eta, gorputzarekin, Skakeitan taldean askatasun gehiago sentitzen dut, ez nagoelako lehen lerroan eta maila protagonista batean. Ni protagonista naizenean, aldiz, oraindik baditut gainditzeko konplexu batzuk, nire gorputzarekin eta mugitzeko erarekin.

Beste emakume musikariekin elkartzean ikuspegia asko aldatzen dela diozu. Horrelako bizipenak partekatzen dituzue zuen artean?

Bai. Emakume musikariok bildu izan gara, espresuki gauza hauei buruz hitz egiteko eta hausnarketatxo bat egiteko. Hustutze momentu bat ere izaten da, anekdotak eta egoera deserosoak elkarri kontatzen baitizkiogu.

Adibidez?

Teknikariekin edo antolakuntzako jendearekin izan ditzakezun istorioak. Adibidez, askotan, pentsatzen dute norbaiten bikotea izan zaitezkeela, eta ez zarela musikaria. Emakumeok elkartzen garenean, ez gara hain bakarrik sentitzen gure atmosfera horretan.

Zure lana behin eta berriz defendatu, azpimarratu edo azaldu beharra sentitu duzu inoiz?

Egia esan, nire bakarkako proiektuan errekonozimendu handia izan dudala sentitu dut, eta ez dut neure burua nabarmentzeko beharrik izan. Dena den, behin baino gehiagotan deitu izan didate, antolakuntzak bere emakume kuota bete behar zuelako; zehazki hala azaldu izan didate batzuek. Hori nahiko mingarria da emakume musikari gehienontzat. Emakume izate hutsagatik deitzen digutenean, ez gara baloratuta sentitzen musikari moduan. Uste dut oso zaila dela horren oreka aurkitzea, guk ere gure ikusgarritasuna bermatu nahi dugulako jaialdi eta festa guztietan. Baina ezin gara hor gelditu, eta ezin dugu hor egon emakume izate hutsagatik, baizik eta norbaitentzat gure musika erakargarria delako.

Ikastaroaren aurkezpen testuan datu objektibo bat ere eman duzue: Espainian, 2018an, musika jaialdietako emakumeen presentzia apenas iritsi zen %20ra.

Bai. Datua paper gainean ikusterakoan, are arreta handiagoa ematen dit. Egoera ez da batere parekidea, eta asko geratzen da oreka batera iristeko, kuotei dagokienez. Gero, taldeen jarduna ere aztertu beharko litzateke. Izan ere, askotan, emakume talde bat kontratatzen dute kuota betetzeko, baina, aldi berean, jaialdiko beste taldeen maskulinitate ereduak oso zalantzazkoak izaten dira. Ezin gara emakume-gizon binomio horretan geratu, eta begiratu egin behar diogu erakusten ari garen horri guztiari.

Nola eman dakioke horri buelta?

Uste dut gauzak pixkana aldatzen ari direla, ni musikan hasi nintzenean, emakumerik ez egotea kontuan hartzen ez zen zerbait baitzen. Gogoan dut, jaialdi askotan ni emakume bakarra izateak, niri bakarrik pizten zidala zerbait. Orain, behintzat, badago hausnarketa bat, gai hau plazaratu da, eta aldaketa baten beharra sentitzen dugu. Uste dut hori dela lehenengo pausoa eta, hortik aurrera, antolatzaile bakoitzak hartu beharko lituzke konpromisoak. Eta, noski, diru publikoz antolatutako hitzorduek gutxieneko bermeak izan beharko lituzkete, askotan ez baita hala gertatzen. Horrek ekarriko du emakumeek beste emakume batzuk taula gainean ikustea, eta emakume gehiago musikaren bidean sartzea. Itxaropen hori dut nik.

Publikoaren inplikazioa ere beharko da aldaketa horretan, ezta?

Bai eta, bide horretan, nik nabaritu izan dut, oholtzan emakumeak ari direnean, publikoko lehen lerroetan ere emakume gehiago ikusten dela. Ispilu efektu moduko bat gertatzen da, edo hori sumatu izan dut nik.

Oholtzatik publikora begira, nola ikusten dituzu emakumeak eta haien gorputzak kontzertuetan?

Esango nuke hor ere klik txiki bat gertatu dela. Duela hilabete gutxi, lehenego aldiz ikusi nituen emakume batzuk, lehen lerroan, kamisetarik gabe. Lehen askoz ere deigarriagoa egingo zitzaigun, mutiletan ohikoa zaigun hori neskengan ikustea. Askotan pentsatu izan dut, zer gertatuko litzatekeen, nire kide batek kamiseta kentzen duen bezala, nik kenduko banu. Horrelako dinamikak oraindik ez ditugu naturalizatu, baina, lanketa hau mamitzen ari garen neurrian, badaukat horrelakoei normaltasunez erantzungo diogunaren itxaropena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!