Irene Caminos laugarren, Munduko Kopako azken proban

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urr. 13a, 17:54

Gaur jokatu du Il Cioccon (Italia), Irene Caminos tolosarrak, Munduko Kopako hirugarren eta azken proba. Atzoko finalerdietan bosgarren amaitu ondoren, gaur laugarren izan da, hirugarren izan denarekin berdinduta. Ondorioz, bosgarren amaitu du sailkapen orokorrean; urteko azken proba, Munduko Txapelketa, Txinan jokatuko du, azaroko bigarren asteburuan.

La Toscana inguruan jokatu da, asteburu honetan, Bike Trial modalitateko Munduko Kopako proba. Sailkapen nagusirako puntuagarria zen, urteko hirugarrena eta azkena, eta bertan izan da Irene Caminos tolosarra. Atzo, finalerdiak jokatu zituen, eta bosgarren izan zen, gaurko finalerako txartela lortuz.

Vera Baron 15 urteko madrildarrak irabazi du gaurko proba. 260 puntu lortu ditu, eta Nina Reichenbach faborito nagusiaren eta Munduko Kopako liderraren aurretik sailkatu da. Hirugarren, Manon Basseville frantziarra izan da, Caminosen puntu berdinekin. Hala ere, frantziarrak behin lortu du igaro beharreko guneetako bat akatsik gabe igarotzea, eta Caminosek guztietan burutu du, gutxienez, arau hauste bat.

Gaurko puntuei esker, Irene Caminosek bosgarren amaitu du Munduko Kopa; gaurko proba hasi aurretik zazpigarren zen tolosarra. Nazioartean jokatuko duen hurrengo proba, Munduko Txapelketa izango da. Txinan jokatuko da azaroaren 9an eta 10ean, eta bertan, asteburu honetako sentsazio onekin jarraitu nahiko du Caminosek. Podiuma izango du helburu tolosarrak.

Il Cioccoko probako sailkapena:

  1. Vera Baron (Espainia): 260 puntu.
  2. Nina Reichenbach (Alemania): 210 puntu.
  3. Manon Basseville (Frantzia): 170 puntu.
  4. Irene Caminos (Espainia): 170 puntu.
  5. Nadine Kamark (Suedia): 150 puntu.

Munduko Kopako sailkapena:

  1. Vera Baron (Espainia): 725 puntu.
  2. Nina Reichenbach (Alemania): 680 puntu.
  3. Manon Basseville (Frantzia): 580 puntu.
  4. Alzbeta Pecinkova (Txekiar Errepublika): 445 puntu.
  5. Irene Caminos (Espainia): 435 puntu.
  6. Nadine Kamark (Suedia): 405 puntu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!