Argazki galeria

II. Europako Txapel Jaurtiketa Txapelketak baditu irabazleak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urr. 13a, 15:43

Berazubiko festak ospatzen ari dira asteburu honetan. Gaur gauean amaituko dira, eta goizean, Haurren Xake Txapelketa eta II. Europako Txapel Jaurtiketa Txapelketa jokatu dira. Azken honetan, Josetxo Otxoa eta Asun Mujika izan dira onenak, hurrenez hurren, txapela 15,5 eta 12,8 metrotara jaurtita.

30 bat parte hartzaile izan ditu, aurten, Berazubi auzoko txapel jaurtiketa txapelketak. Ez du bero handirik egin, baina txapela jaurtitzerakoan aurkari deserosoa bihurtu da haizea, kontran baitzuten partaideek. Hala ere, jaurtiketa onak ikusi ahal izan dira, eta zenbaitek neurria hartua zioten espezialitate bitxi honi. Aurten, bigarrenez ospatu dute Europako Txapelketa. Maiatzean, Kultur Astea ospatzen dutenean, Munduko Txapelketa jokatzen da, eta horrek ere aurten izan du bigarren edizioa.

Gaurkoan, Josetxo Otxoa izan da onena gizonezkoetan, eta Asun Mujika, emakumezkoetan. Lehenak, 15 metro eta erdira bota du txapela. Bigarren Xabi Martikorena izan da, 15,4 metroko markarekin; hirugarren, berriz, Agustin Artola, 12 metrorekin. Asun Mujikak, bestalde, 12,8 metroko marka ezarri du. Atzetik Leire Alonso sailkatu da, 12,4 metroko jaurtiketarekin. Hirugarren Lurdes Tolosa izan da; honek, 11,6 metrotara bota du txapela.

Aurrez, 6 haurrek Xake Txapelketa jokatu dute Tolosa CF plazan. Orain, paella jatea egiten ari dira bertan, eta arratsaldean, Chuchin Ibañezen kontzertua, Ritmo de Luna taldearekin areto dantzak, txistorra jatea eta arratoiaren erretzea izango dira, festei amaiera emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!