Gutun-azaletan jasotako 100 urte

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 12a, 07:59

Historia luzea duen enpresa da SAM. Tolosako familia askoren bizi iturria izan da, eta garai berrietara egokitzen jakin du. 1919ko abenduaren 22an zabaldu zituen ateak paperari lotutako enpresak, eta mendeurrena ospatzen ari dira.

Usabalen kokatzen den lantokiko museoa, Tolosako herriari erakusteko helburuarekin, Aranburu jauregira eraman dute:«Jende asko ari da etortzen, eta oso ondo. Enpresan museoa deitzen diogun gela bat dago, eta bertan daude bilduta erakusketan ikusgai jarri ditugun material pila bat», dio Paula Ostra bertako langileak. 1995ean, Oria ibaiaren ertzetik, enpresak tokiz aldatu behar izan zuen: «Eraikuntza zaharra bota aurretik, langile batzuk, material zaharrak gorde eta klasifikatzeko erabakia hartu zuten, material ugari mimoz zainduz».

100 urte atzera egin, eta papergintza indartsu zegoen. Papelera Española urte batzuk lehenago sortzen da Bilbon, eta bi fabrika zituen Tolosan: «Urte batzuk beranduago, hau da, 1919an, Papelera Españolak sortzen du SAM. Ez du inoiz papera sortzen SAMek, baizik eta, papera manipulatu egiten du», azpimarratzen du Ostrak. Eta manipulatze horretan, SAMen ezaugarri nagusiena gutun-azalak izan dira. «Hasiera-hasieratik egin dira gutun-azalak, libretak eta kontabilitate liburuak. Urteak pasa ahala gauzak gehitzen joan ziren, eta beste batzuk kentzen; hori izan da eboluzioa».

SAM fabrikaz hitz egiterakoan, familien arteko enpresa moduan hitz egin daiteke, hau da, familia bereko kide bat baino gehiagok lan egin du bertan, eta belaunaldi ezberdinak pasa dira. «Gaur egun gaudenon artean ere gertatzen da. Nire kasuan, esaterako, aitonak eta amonak egin zuten lana. Amonaren ahizpa batek eta nire bi izebek ere bai. Orain lanean ari den langile baten kasuan esaterako, bere aitak eta aitonak ere SAMen egin zuten lana. Abizenak errepikatu egiten dira, eta jende askok egin du lana SAM fabrikan», argitu du Ostrak.

500 langile inguruk egiten zuen lan lehen urte haietan. 70. hamarkada aldera, 300-400 inguruk, eta gerora etorriko zen papergintzaren krisia SAM enpresara. «Papelera Española ere tartean zegoen, eta nik uste dut datuak nahastu egiten direla, baina beti 500 langile inguruz hitz egin izan da», dio bertako langileak.

Emakumea lan mundura sartuz

Tolosako SAM fabrikak emakume askori lan mundura sartzeko aukera eman zion. «Aurreko egun batean, anekdota moduan aritu ziren kontatzen erakusketan, enpresa bertatik, Santa Maria elizara joaten zirela galdetzera zein emakumek betetzen zituen 14 urte. Jendea behar izaten zuten enpresan, eta lanera eramateko galdetzen zuten. Etxeetara joaten ziren emakumeen bila lanera eramateko», kontatzen du Paula Ostrak. «Egia da, era berean, emakume askok eta askok, behin ezkontzean, lana uzten zutela, baina beste hainbatek jarraitu egin zuen enpresan».

Emakumearen esku lana «ondo» baloratzen zutela dio, eta gaineratzen du, «esku finagoa zutela emakumeek esaten da».

Teknologia berrietara egokitzen jakin du enpresak: «Bai duela 40 urte, 20 edota zortzi urtean jakin du egokitzen, eta horrela ez balitz ez zuen aurrera jarraituko». «Calcosam sortu zutenean berritzaileak izan ziren, gutun-azaletan ere autoitsaskorrekin edota silikona tirarekin egiten hasi zirenean berritzaileak izan ziren, eta baita, esaterako, koadernoetan diseinuekin-eta lanean hasi zirenean ere. Zentzu batean berritzaileak izan gara», azpimarratzen du Ostrak.

Garai txarrak bizitzea ere tokatu zaio enpresari. Hasierako urteetan 36ko gerra. Gerora, esaterako, 1982ko uholdeek enpresa harrapatu zuten, barru guztia lokaztuz. «Materiala galdu eta berreskuratu egin behar izan zen, eta gordetzen ditugun lehen eskriturak lokatzarekin zikinduta daude», gogora ekartzen du Ostrak. Garai txarrez hizketan jarraituz: «Papelera Españolaren porrota etorri zen, eta SAM ere talde horren barruan zegoen. Denbora bat egon ziren ez zekitela zer egin, atzera eta aurrera. Krisi oso garrantzitsua izan zen».

Gero etorriko zen leku aldatzea: «Nik uste leku aldaketa ilusioz beteta bizi izan zutela». «Jende batek enpresaren alde egin zuen. Nahiz eta, oraingoak ez duen lehen zenaren antzik. Pabiloia, makineria,... erabat aldatu zen». Baita Tolosa herriaren itxura ere, Oria ibaiaren ertzetik enpresa kenduz.



100 urteko ibilbidean krisi ezberdinek harrapatu dute enpresa. Langileak galtzen eta berreskuratzen joango zen: «Azken krisia duela ia hamar bat urte bizitu zuen, eta langile kopurua galtzen du. Gaur egun, 40-45 langile gara».

2013an taldeko beste enpresa batekin fusionatu zen: «Palentziako Pacsa enpresarekin fusionatu zen, eta beraz, esango dugu enpresak bi produkzio gune dituela: bata Tolosan eta bestea Palentzian. Han bai egiten dituzte koadernoak, eta guk Tolosan gutun-azalak egiten ditugu, eta gutun-azal poltsak deitzen ditugunak baino ez ditugu egiten».

Etorkizunari buruz galdetuta, «etorkizuna badu, baina ez lehen zuen bolumenetan. Badakigu gaur egun paperak bizi duen krisia. Nik uste dut gutun-azalak oraindik mantenduko direla, beste bolumen batean, eta guk irauten jakin beharko dugu. Eta saltzen den gutun-azal bakarra gurea izan dadila».

Hauteskunde urtea ari da izaten aurtengoa, eta gutun-azal asko erabiltzen dira. Laguntzen ote duen galdetuta: «Fakturatze aldetik hauteskunde urteak, urte potenteak dira guretzat. Aurten, hasiera batean, maiatzekoak bakarrik zeuden aurreikusita, eta apirilekoak etorri ziren, eta orain, berriz, azaroan izango ditugu. Ondo, baina, lan asko oso denbora gutxian egin beharrekoa da. Gero, urtea luzea da, baina, bai, laguntzen du».

Merezitako ospakizunak

Gutun-azaletatik atera, eta ospatzeko tartea ere hartu dute langileek, langile ohiekin batera. Irailaren 28an, bazkari bat egin zuten. 170 pertsona inguru elkartu ziren, eta karpa baten babesean SAMen instalazioetan «egun ederra» pasa zuten.

Asteartetik larunbatera Aranburu jauregian erakusketa jarrita dute. Argazkiez gain, lantegiko material ugari ikusi daiteke, eta nola ez, 100 urteko historian sortu dituzten produktu ezberdinak ere erakusketan daude. Langileren bat edo langile ohien bat erakusketan bertan egoten saiatzen dira, inork galdera edo zalantzarik balu erantzuteko. «Langile ohi pila bat ari da erakusketara gerturatzen, eta beraien istoriak kontatzen dizkizute». Anekdota pila bat izan dituzte. «Pasa da erakusketatik lau hilabetez lan egin zuenik ere. Beste batzuk beraien gurasoek lan egin zutelako etorri ziren. Gurasoak bertan ezagutu zirela, eta hunkituta zeuden; gero hortik beraiek jaio zirelako», kontatzen du Ostrak.

Badira bizitza oso bat enpresari lotuta eman dutenak: «Oraindik ere baditut lankideak, 46, 47 edo 45 urte lanean daramatenak. 14 urtetatik lanean dagoen jendea da», gehitzen du Ostrak.

Erakusketa jartzeaz gain, bideo bat egiteko ideia sortu zitzaien. Historia kontatu nahi zuten eta Pablo Dendaluzerekin jarri ziren harremanetan. «Aktore baten bidez SAM zer den eta zer izan den kontatu nahi izan dugu, eta bideoa erakusketan ikusgai jarrita daukagu». Eta argazkiekin, berriz, Joseba Urretabizkaiaren laguntza izan dute. «Oso-oso eskertuta gaude biekin», azpimarratu du Ostrak. «Modu bat izan da herriko historia kontatzeko eta ezagutarazteko. Egia da, gaur, jende askok Tolosa gaur egun dagoen moduan ezagutzen duela, eta Oria ertza asko aldatu da». Paula Ostrak «eskerrak» eman nahi izan dizkie bai erakusketa eta baita festa eguna antolatzen lagundu dieten guztiei ere, hau da, lankideei eta erretiratuei.

Hilaren 19a bitartean aukera izango da erakusketa bisitatuz, bideoa ikusteko. Azken egunean, esan behar da, bisita gidatua egingo dutela enpresaren historiaren gaineko xehetasunak emanez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!