Kaxiano

Erabiltzailearen aurpegia Julen Telleria Lopetegi 2019ko urriaren 13a

Negu Gorriak. Maddi Oihenart. Bad Sound System. Gu Ta Gutarrak. Ez zaitut ezagutzen, baina badakit musika gustatzen zaizula; musika mundu guztiari gustatzen zaiolako.

Xabier Lete. Asgarth. Zaldibobo. Izaki Gardenak. Eta ezagutzen ez zaitudan arren, badakit inoiz izan duzula binilo bat, edo kasete bat, CD bat, ordenagailuko karpeta bat edo Spotifyko zerrenda bat Euskal Musika izenarekin. Denok izan baitugu horrelako bat. Su Ta Gar. Yogurina Borova. Hertzainak. Aire Ahizpak. Baina behin ere galdetu al diozu zeure buruari zer den euskal musika? Hemendik At. Bizardunak. Selektah Kolektiboa. Oskorri. Dolce Tangana. Batzuk diote Euskal Herrian bertan egindakoa dela euskal musika. Ados, orduan: La Oreja de Van Gogh. Alex Ubago. Duncan Dhu. Amaia Romero edo Montero. Baina gustatzen ez bazaigu, beti esan dezakegu euskaraz egindako musika dela euskalduna. Bai? Barricada. Doctor Deseo. Eskorbuto. La Polla Records. Bai ala ez? Izan omen liteke, bestela, euskal sustraiak dituen musika. La Jodedera. The Uski's. Ez dago erabat argi… Lisabo. Zuloak. Unidad Alavesa. Laja eta Landakanda. Ze, musika klasikoa ezagutzen dugu, badakigu zer den jazz musika, edota popa edo punka. Baina, norbere gustuei buruz galdetuta, euskal musika gustatzen zaiela diotenei, zer gustatzen zaie? Nahiadance. Egan. Dut. Unsain Anaiak. Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band. Hiru Truku. Euskal Barrokensemble. Nik, oso garbi daukat; euskal musika ez da musika estilo bat. Baina bada zerbait. Baldin Bada.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!