'Janet-en titia' eskainiko du, gaur, Ertza konpainiak

Tolosaldeko Ataria 2019ko urriaren 11

Asier Zabaletaren zuzendaritzapean, hainbat dantza diziplina eta antzerkia uztartuko dituzte.

Janet Jacksonek bere emanaldi batean bularra erakutsi izana abiapuntutzat hartu dute, Ertza konpainiako kideek, Janet-en titia emanaldia osatzeko. Gaur eskainiko dute, Leidor aretoan, 20:30ean, eta sarrera eskura daitezke internet bidez, edo leihatilan bertan.

Jacksonen irudia nazioartean zabaldu zen, eta epaitegietara ere iritsi zen. Horrela, hainbat dantza diziplina eta antzerkia uztartuz, Asier Zabaletak gidatutako Ertza konpainiak kritika soziala egiteko baliatuko du ikuskizuna, aurreiritziak plazaratuz, eta gizarteak bere inguruko errealitatea eraiki egiten duela erakutsiz. Horretarako, hainbat tresna baliatuko dituzte, beren adierazpen artistikoaz gain: iritzi subjektiboak, batetik, eta datu estatistikoak ere bai, benetakoak zein interesaren arabera erabiliak.

Janet-en titia ikuskizunean ariko dira, Maria Andres, Thiago Luiz Almeida, Caio Henrique de Souza, Denis Martinez eta Jhana Beat dantzariak.

Kantik zikloko bigarren emanaldia, bihar

Joan den astean aurkeztu eta abiarazi zuen, Hodeiertz abesbatzak, III. Kantik zikloa. Lehen saioa joan den urriaren 5ean izan zen, eta bihar bigarren Requiem-a eskainiko dute.

Kasu honetan, John Rutterren Requiem eskainiko dute, 20:15etik aurrera, San Frantzisko elizan, eta hiruko elkarlana izango da: Hodeiertz, Arimaz orkestra eta Academia 1830 abesbatza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!