Onddo eta perretxikoek Zumardi Txikia hartuko dute

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urr. 11a, 11:58

Hamargarren Mikologika aurkeztu du Casino elkarteak; munduko errekor bat ezartzeko saiakera izango da tartean.

Elkartearen 125. urteurrenaren aitzakian berreskuratutako festa, erabat egonkortu da udazken tolosarren kultura, gastronomia eta aisialdi agendan, eta Casinok aurkeztu du X. Mikologikako egitarau osoa. Urteroko moduan, betikoaren eta berrikuntzaren arteko saltsa dastatu ahal izango dute herritarrek, eta xehetasun guztiak eman dituzte, Joxe Mendizabal Casinoko kideak, Olatz Peon Tolosako alkateak eta Xarles Iturbe Casinoko lehendakariak.

Perretxiko eta onddoekiko zaletasuna eraberritzeko eta gazteengana hurbiltzeko saiakera azpimarratu nahi izan du, Olatz Peon alkateak. Bide horretan, azaldu du udalaren lan estrategikoekin bat egiten duen egitasmoak, besteak beste, lehen sektorearen bueltako hitzordua delako.

Hari berari tiraz, Xarles Iturbek memoria egin nahi izan du, eta nabarmendu du «oso pozik» daudela 2009an berreskuratutako Mikologikaren ibilbideagatik: «Boluntario askoren lanari esker lortu dugu proiektua sendotzea eta, lan handia sortzen digun arren, asko gozatzen dugu egun horietan».

Azken hamar urteotan, Casinoko antolatzaileak saiatu dira Mikologikaren muina hainbat dimentsiotara zabaltzen, eta horiek guztiak erdigunean jarri nahi izan ditu Xarlesek: «Dimentsio gastronomikoa, zientifikoa eta pedagogikoa du, eta aurten ere saiatu gara esparru horietara iristen».

250 kilo txanpinoi

Udazken loreen bueltan antolatutako hitzorduek lau eguneko egitaraua osatu izan dute azken urteotan eta, alde horretatik, aurtengoak ez du aldaketarik izango, hamargarrena izanagatik.

Horrela, asteazken iluntzetik larunbatera bitarteko gozamena izango dute perretxiko zaleek. Zientzia mikologikoak hartuko du aurtengo hitzordu berezi edo exotikoenetako bat, Carlos Rojo de Blas baso ingeniari eta mikologian adituak Senegalgo mikologiari buruzko hitzaldia eskainiko baitu, elkartean.

Perretxiko eta onddoak usaimenaren eta dastamenaren erresumako kide baldin badira ere, Mikologikak erakutsi du, udazken loreak begietatik ere sartzen direla. Aurten, laugarren Txanpi On Fest antolatuko dute, publiko gazte eta ez hain gazteari begira, eta 2019ko hitzordu bereziena izango da, gainerakoei errespetuz: Zumardi Txikia hartuko du festak eta, edari eta janari postuez gain, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da, 18:30etik aurrera. Eguraldi kaskarra egingo balu, Zerkausira aldatuko lukete.

Azkenik, larunbatean, saltsan egindako munduko txanpinoi kazola handiena prestatzen saiatuko dira, Trianguloan. 250 kilo txanpinoi, 40 litro olio eta 40 ardo botila beharko dituzte, besteak beste, eta 2,5 metroko ontzia baliatuko dute, goizaldeko bostetatik aurrera, guztia prestatzeko.


MIKOLOGIKA 2019, EGITARAUA

URRIAREN 16A, ASTEAZKENA

19:00. Sonia Tapia eta Xabier Martinez sukaldarien eskutik, perretxikoetan oinarritutako sukaldaritza tailerra izango da, Casinon, elkartekide eta laguntzaileentzat.

URRIAREN 17A, OSTEGUNA

20:00. Carlos Rojo de Blas baso ingeniari eta mikologia adituaren hitzaldia, Casino elkarteko lehenengo solairuan: Setas entre chimpancés. Un estudio micológico en Senegal (Perretxikoak txinpantze artean. Ikerketa mikologiko bat Senegalen).

URRIAREN 18AN, OSTIRALA

09:00. Tolosako ikastetxeetako DBH 1ko ikasleek Aralarrera irteera egingo dute, perretxikoak biltzeko. Arratsaldean, Aranzadiko kideen laguntzaz, bildutakoa sailkatzen ikasiko dute, kultur etxean.

18:30. Txanpi On Fest Zumardi Handian. Janari postuak edo food-truck-ak, edaria eta zuzeneko musika izango dira: Noa Voll Damn & The Hell Drinkers, eta Andoni Ollokiegi bakarlaria.

URRIAREN 19A, LARUNBATA

05:00. Munduan sekula prestatutako txanpinoi kazola handiena saltsan egiten saiatuko dira, eta eguerdian amaituko dute.

12:00. Mikologika azoka, Trianguloan. Tolosaldeko eta Goierriko jatetxe eta elkarte zenbaitek postuak izango dituzte, eta onddo eta perretxikoekin prestatutako pintxoak egingo dituzte.

20:30. Mikologika amaierako afari sorpresa izango da, eta lekua ere isilpean izango da, eguna iritsi arte. www.mikologika.org atarian izena eman daiteke afarirako, 40 euroren truke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!