Korrikalari mota guztientzat

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 10a, 11:58

Tolosako XXXII. Herri Krosa egingo da larunbatean, San Estebango Ttonttor elkarteak antolatuta.

Iristear da urriaren 12a, eta horrekin batera Tolosako eta inguruko hainbat korrikalarirentzat egutegian gorriz markatutako lasterketa: Tolosako Herri Krosa. Aurtengoa 32. aldia da San Estebango Ttonttor auzo elkarteko kideek antolatu dutela, eta mezu garbi bat dute, korrikalari mota guztientzat pentsatutako proba dela. 11:00etan hasiko da, San Esteban auzoko Ferialekuaren paretik.

Azken urteotan ibilbide berdina da, 8,1 kilometrokoa eta laua. «Hasiera batean 10 kilometrokoa zen eta aldaparekin», esan du Pele Goenaga antolakuntza taldeko kideak. «Parte hartzaile gehiago lortzeko aldapa kendu genuen eta ibilbidea moztu pixka bat. Halere, urtero mantendu egiten da kopurua». 200 korrikalari inguru ateratzen dira azken aldian.

Behobia-Donostia lasterketa prestatzeko erabili ohi dute hainbat korrikalarik, eta horrela aurkezten dute ere proba bera antolatzaileek. «Hasieratik genuen jarrita horrela, eta aldapak izateak ere bere zentzua zuen alde horretatik», esan du Iñaki Sanchez antolakuntzako kideak. «Kontua da beste probarik ez zegoela garai honetan, Behobiaren aurretik, baina orain asko daude». Proba antolatzeak esfortzua suposatzen duela diote. «Gero eta gehiago kostatzen da horrelako lasterketa bat prestatzea, gero eta gauza gehiago eskatzen direlako. Baina ateratzen dugu aurrera», esan du Sanchezek. «Antolatzaile moduan ez gara hainbeste, baina gero laguntzen dutenak asko dira. Bakarrik bidegurutzeetan berrogei pertsona inguru izaten dira».

Parte hartu nahi duten korrikalariek Shanti Kirolak dendan eman dezakete izena, 10 euroren truke. Egunean bertan ere eman daiteke izena irteera puntuan, baina orduan 15 euro ordaindu behar dira. Lehen hiru sailkatuek, emakumezkoetan zein gizonezkoetan, oroigarria eta oparia jasoko dute. Probaren bukaeran korrikalariek hainbat produkturen zozketan parte hartzen dute. «Produktu sorta asko Shanti Kirolak-ek jartzen ditu, eta horrez gain eskertu behar zaie egiten duten lan guztia krosaren antolakuntzan», esan du Sanchezek.

Lasterketa hasi baino ordu laurden lehenago, Tolosa CF Atletismo taldeko kidea zen eta orain gutxi hil den Ibon Gonzalezi omenaldia egingo diote taldekideek. Hitz batzuk esan ondoren, agurra dantzatuko da, gero minutu bateko isilunea egin eta Gonzalezen alargunari oparia emango diote.

V. ELKARTASUN TXIKI KROSA

Lasterketa nagusia amaitu eta gero, 12:00ak aldera, Tolosako V. Elkartasun Txiki Krosa egingo da. Bertan bi maila izango dira. 9 urte bitartekoek 500 metro korrika egin beharko dituzte eta 14 urte artekoek 1.250 metro, eta ibilbidea San Esteban auzotik izango da. Ez da sailkapenik izango, eta oparia emango zaie izena ematen duten lehen 200 haurrentzat.

Egunean bertan eman behar da izena, eta horretarako, saharar errefuxiatuen kanpalekuetan dauden haurrei eramateko eskola edota kirol materiala utzi beharko da. 

8,1

KILOMETRO

Ibilbidea San Estebanen hasten da eta itzuli txiki bat egin ondoren berriro igarotzen da auzotik, ondoren Olarrain auzo aldera joan, handik bidegorritik Usabalera iristeko. Gero Berazubi aldera joaten da ibilbidea eta zezen plazaren atzetik, Zumalakarregi eta Trianguloatik pasa ondoren, Alde Zaharretik itzulia egin eta San Frantziskotik jarraituko du. Araba etorbidetik San Esteban auzora sartuko dira korrikalariak, bertan bukatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!