Txapel, jaki eta kontzertu paperetan bilduta datoz Berazubiko jaiak

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 10a, 08:59

Ohiko dataren bueltan antolatu dituzte, aurten ere, Tolosako Berazubi auzoko jaiak; bihar, 18:00etan izango da txupinazoa.

Urriaren 12a beste askok baino lehenago biribiltzen dute egutegian, berazubitarrek. Auzoko jaiek hartu ohi dituzte kale, taberna eta karpak, eta aurtengoetarako eta hasiak dira, honezkero, Berazubi apaintzen.

Auzo elkarteko kideek aurkeztu dute egitaraua, eta hiru eguneko jarduera sorta prestatu dute aurtengo jaietarako, beti bezala, auzotar guztien neurriko festak ospatzeko saiakeran. Bihar piztuko dute jaiek hasiera iragarriko duen suziria, eta igandean 22:00etan erreko dute arratoia, hurrengo urtera arte.

Gastronomiak tarte zabala izango du, besteak beste, Txemari Esteban Botarriko sukaldariak sukaldaritza ikastaroa eskainiko baitu, larunbat goizean. Aldaketa txiki bat ere izango dute aurtengo festek, zezen plazako eraberritze obren karietara: ohiko zezen festaren ordez, entzierro txikia egingo dute, kalean, larunbat arratsaldean.

Betiko hitzorduen artean, danborrada izango da larunbatean, 22:15ean, eta aurretik afaria izango dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, 60-100 auzotar inguru elkartzen dira danbor hotsen aitzakian, urtero. Hitzordu horren ondoren, La Zentral orkestrak parranda ia goizaldera arte luzatzeko aukera eskainiko du Berazubin.

Igandean berriz, Europako II. txapel jaurtitze lehiaketa izango da hitzordu berezienetako bat, Berazubi estadioan. Tolosatik kanpoko parte hartzaileak ere izaten direla azaldu dute, eta iaz 30 parte hartzailetik gora bertaratu zirela. Aipatzekoa da, gainera, Berazubiko kultur astean munduko txapelketa antolatzen dutela, baina azken saioetan marka hobeak izan direla Europako txapelketan.

Behin indarra estadioan neurtuta, mahaiaren bueltan biribilduko dituzte auzoko jaiak, paella erraldoia janez, eta 120 pertsona elkartuko dira. Bazkalondoa, berriz, Ritmo de Luna taldeak girotuko du, iluntzera bitarte; auzoan hainbat ikastaro antolatzen dituen taldea da.

Egitaraua

Urriaren 11, ostirala

18:00. Txupinazoa.

18:15. Buruhandiak auzoko kaleetan.

19:30. Patata tortilla lehiaketa Tolosa CFko plazan.

19:30. Peru DJ.

21:00. Herri afaria (norberak ekarria).

22:00. Peru DJ.

23:00. Nemux karaokea.

 

Urriaren 12a, larunbata

10:00. Haurrentzako sukaldaritza ikastaroa Botarri erretegiko Txemari Esteban sukaldariaren eskutik.

12:00. Emakumezkoen eta gizonezkoen toka.

14:30. Sukaldaritza tailerreko parte hartzaileentzako bazkaria.

16:00. Entzierro txikia auzoko kaleetan zehar.

16:30. Umeentzako jolasak eta lapurretak.

17:30. Txokolate jatea.

19:00. Pintxo-potea patata tortillarekin.

19:00. La Zentral orkestraren lehenengo saioa.

20:45. Danborradako afaria.

22:15. Danborrada auzoko kaleetan.

23:45. Su artifizialak Berazubiko zubitik.

00:00. La Zentral orkestra.

 

Urriaren 13a, igandea

09:00. Tolosako txistularien diana auzoko kaleetan zehar.

10:00. Xake txapelketa (12 urte baino gazteagoentzat).

11:00. Korpus Kristi elizan auzoko hildakoak oroitzeko meza.

11:00. II. Europako Txapela jaurtiketa.

14:30. Paella erraldoia.

16:30. Chuchin Ibañez.

19:30. Areto dantzak Ritmo de Luna taldearekin.

21:00. Txistorra jatea.

22:00. Arratoiaren erretzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!