Martxan da Atzegi Elkartearen aurtengo kanpaina

Leyre Carrasco 2019ko urr. 8a, 19:59

Gizartea desgaitasun intelektualaren «betaurrekoak» janztera gonbidatu ditu Atzegi Elkarteak, eguneroko bizitza beste ikuspuntu batetik ikus dezaten.

Gipuzkoako Atzegi Elkarteak, urriak 7, astelehenean arratsaldeko 18:00etan eman zuen prentsaurrekoa Tolosako Zerkausi merkatuan, aurtengo sentsibilizazio kanpaina aurkezteko. Aurtengoan, Nire errealitate intelektuala bizi eta mugak hautsi lelopean, irisgarritasun kognitiboaren gaian indarra egin nahi izan dute.

Urriaren 11era arte izango dira Gipuzkoako hainbat herri desberdinetan aurtengo sentsibilizazio kanpaina aurkezten, eta gaur, urriak 8 asteartean Donostiako Antzoki Zaharrean eskaini dute ekitaldi nagusia.


Kanpainaren helburua, adimen desgaitasuna duten pertsonek egunerokoan bizi dituzten zailtasunaz ulertaraztea izan da eta ingurune irisgarriagoa eraikitzeko gonbita eskaini zuten.


Aloña Agirre, Atzegi Elkartearen eskualdeko arduraduna izan zen hizlarietako bat, Idoia Zapirain, Atzegi Elkarteko familien ordezkariaren eta Haritz Olano, Atzegi Elkarteko kidearen ondoan. Agirrek azaldu zuenez, irisgarritasuna ez da soilik fisikoa, kognitiboa ere bada. «Adimen desgaitasuna duten pertsonentzat ulertzeko errazagoa den mundu bat lortzea da xedea» adierazi zuen Agirrek, baita ume, heldu eta etorkinentzat ere mesedegarria izango litzatekeela argudiatuz.


Aldaketak
Aldaketak eskatzen dituztela azpimarratu zuen Agirrek, «gure helburua aldaketa horiek egitea da pertsona horrek bere ingurunea hobeto ulertu dezan».
Aldaketa horrek bere bizi kalitatean zuzenean eragin eta autonomia maila handituko lukeela gehitu zuen, baita, guztiontzat mundu ulergarriago bat egiten laguntzeko ere. Horretarako, mezuak argi idazteko eskatu dute aurten, testuak irudiekin lagunduz eta koloreak erabiliz, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!