Bost taldeko bi multzotan elkarren arteko ligaxka jokatu zuten lehenik eta ondoren, ligaxkako sailkapenean oinarrituta, kanporaketa fasea jokatu zuten. Maila ederra eman zuten guztiek arratsalde osoan zehar eta, esan beharra dago, adin, maila eta esperientzia desberdineko emakumeek parte hartu zutela bertan.
Kanporaketa fase horretan sailkatutako lau taldeen artean jokatutako finalerdietako irabazleen arteko final estuan, bigarren postua Itxaso Leon, Amaia Lopez eta Saioa Iparragirrek lortu zuten. Garaipena, beraz, Naiara Civicorentzat, Nerea Goñirentzat eta Yera Leonentzat izan zen. Banatutako sariei dagokionez, klubaren kolaboratzaileen eskutik jasotako Lur Laneko produktuak eta Ama tabernako eskuz egindako garagardoak izan ziren. Irabazleak, dena den, guztiak izan zirela esan dute Toloboleitik, «emakumeen artean boleibolak duen indarra argitara atera baitzuten». Parte hartze zabala izateak eta ikusle asko gerturatu izanak, indarra ematen die halako egitasmoei. Antolatzaileen partetik «eskerrik beroenak» eman dizkiete «giroa goxatu eta parte hartzaileak animatzera gerturatutako guztiei».
