Berezia izatea nabarmenduz

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 4a, 11:58

Abian da 'Ni Singular Naiz' kanpaina, tokiko merkatarien diferentziazioa hobetu eta bezeroak saritzeko asmoz.

Tolosako 18 dendek 'Ni singular naiz' kanpainarekin bat egin dute, bertako merkataritza sustatzeko asmoz. Kanpainak urriaren 13ra arte iraungo du, eta bitartean, denda bakoitzak aukeratuko duen produktu bat denda barnean nabarmenduta jarriko du, ondoren zozkatu dezaten. Atzo eguerdian egin zuten kanpainaren aurkezpena, Tolosan.

Guztira, Gipuzkoako 135 denda inguruk hartu dute parte, eta horietatik 18 dira Tolosakoak: Koxka apaindegia, Kimetz, Skunfunk, Lirain lurrindegia, Aralart, Benefit parafarmazia, Brunila, Saberri lurrindegia, La Ratita Presumida, Ibañez Gozona pasteleria, Anddare, BáB, Arkupe, Altuna harakinak, Corner, Gu Ki makrobiotika, Beotibar elektrodomestikoak eta Bazar Amiano.

Gipuzkoako merkataritza bereiztea, profesionalizatzea eta modernizatzea du helburu, Maite Valmaseda, Gipuzkoako Merkatarien Federazioko zuzendariak azaldu zuenez.

Parte hartu duten dendek, produktu bat aukeratu beharko dute, eta beraien dendan nabarmen jarri. Kanpainako beste elementu batzuk ere izango ditu inguruan, besteak beste, argi-kutxa bat eta Ni Singular Naiz dioen poltsa bat. Produktu hori zozketatu egingo dute, baina, horretarako irratiko saio batean hartu beharko da parte. Onda Vascako Gipuzkoako Kale Nagusia programan, Itziar Alduntzin kazetariak izango du horretarako ardura. Saio horretan, kanpainan parte hartu duten denden inguruko galderak egingo ditu kazetariak, eta entzuleek erantzun zuzena zein den asmatu beharko dute. Asmatzen dutenen artean, produktua zozkatuko da. Horrekin bezeroen leialtasuna saritu nahi dela azaldu du Valmasedak.

Bestalde, sare sozialen bidez ere zozketak egingo dituzte. Ni Singular Naiz eslogana duten tote bag batzuk eskuratu ahalko dira.

Lehen kanpaina

Kanpaina hau Singular Dendak programaren barruan garatu den lehenengo ekimena da. Valmasedak adierazi zuenez, «horrelako kanpainak lantzen jarraituko dugu, tokian tokiko komertzioen berezitasuna nabarmentzeko. Bestalde, berezko ezaugarriei, komertzioetako pertsonei, eta konpromiso eta lurraldearekiko inplikazioari balioa ematen jarraitu nahi dugu», gaineratu zuen.

Udalaren babesa

Komertzioek herriari ematen dioten bizitasunaz aritu zen Nerea Letamendia Tolosako Udaleko Merkataritza zinegotzia: «Tolosako merkataritzak pisu eta garrantzi handia du, eta bizirik mantentzen ditu gure kaleak; gure paisaiaren eta nortasunaren parte dira». Udaletik tokiko merkataritza eta hiri eredu hori bultzatzen jarraitu nahi dutela esan du.

Kanpaina hau, Gipuzkoako Merkatarien Federazioak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Tolosako Udalaren eta Tolosa&Co elkartearen laguntzaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!