Udazkeneko kultur agendan egonkortzera dator Kantik

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urr. 4a, 11:59

Hodeiertz abesbatzak hirugarrenez antolatu du ahots musika zikloa, eta bihar izango da lehen kontzertua

Urtean hiruzpalau egunez, Tolosa koru musikaren munduko erdigune bilakatzen da, abesbatza lehiaketaren karietara. Honezkero mende erdiko arrastoa du nazioarteko hitzorduak, eta herrian ahots musika errotzeko zubi ere izan da egitasmoa; horren erakusle da, besteak beste, Hodeiertz abesbatzaren jarduna. Bada, abesbatza musika herriko kultur agendan egonkortzeko gogoz, Hodeiertzek hirugarrenez antolatu du Kantik ahots musika zikloa, eta bihar izango da lehen emanaldia.

Aurreko bi zikloetako kontzertuak ikasturtean barrena sakabanatu zituzten, eta aurten ziklo izaera hori nabarmendu nahi izan du Hodeiertzek, Juanlu Jauregi abesbatzako lehendakariak aurkezpenean azaldu zuenez: «Hamabi egunean hiru emanaldiz gozatzeko aukera izango dute zaleek».

Abesbatzek sustatzen dituzten baloreak ere hizpide izan zituen Jauregik, Tolosan koru musikak duen indarra azaldu nahian: «Balore onak aktibatzen ditu, abesbatzen munduan edozein arraza eta erlijiotako jendea aritzen baikara. Horrez gain, talde lana, kooperazioa, elkartasuna, gaitasun sozialak eta enpatia lantzeko unibertso bat ere badira abesbatzak».

Hain justu dohain horien hariari tiraka lortu dute aurtengo Kantik antolatzea. Hodeiertzek ziklorako jasotzen zituen hiru diru laguntzetatik bakarra baino ez du jaso aurten, eta Kantik ez antolatzear izan zirela aitortu zuen Jauregik aurkezpenean: «Ordea, atsekabetu beharrean aurrera egitea erabaki genuen, eta jende zoragarria izan dugu inguruan, laguntza eskainiz».

Bi 'Requiem' eta kantu herrikoiak

Egitarauko lehen hitzorduan ahots gazteak izango dira protagonista, Hodei abesbatzaren eskutik. David Azurzaren zuzendaritzapean, Gabriel Fauré konpositorearen Requiem-a eskainiko dute, eta elkartasun kontzertua izango da, gainera. Santa Klara komentuko baselizan izango da emanaldia, bihar, 20:15etik aurrera, 5 euroren truke.

David Azurzak arrazoi bikoitza zuen Kantik zikloaren aurkezpenean izateko, Gipuzkoako Abesbatza Federazioaren babesa eskainiz, eta Hodei gazte abesbatzaren emanaldiaz aritzeko bertaratu baitzen. Horrela, Fauré-ren obraren «interpretazio oso berezia» eskainiko dutela iragarri zuen: «Ganbera interpretazioa izango da, biolinaz, biolontxeloaz eta akordeoiaz lagunduta».

Aipatzekoa da, musikaren historian heriotza era positiboan interpretatu duen lehen Requiema dela Gabriel Fauré-k 1888an idatzitakoa: «Horregatik da hain goxoa», azpimarratu zuen David Azurzak. Ikuspuntu berezi horri fokua jartze aldera, gainera, emanaldian heriotzarekin loturiko Xabier Lizardiren eta Joxean Artzeren zenbait poema txertatu dituzte, eta baita Felipe Gorritiren obra bat ere.

Bigarren Requiem-a urriaren 12ak hartuko du Kantik zikloan, eta, kasu horretan, Hodeiertz abesbatza ariko da, Arimaz orkestrarekin eta Mallorcako Academia 1830 abesbatzarekin batera.

Lehenago ere trukea egindakoak dira bi abesbatzak, eta Requiem ezagun bat interpretatzeko batu da Arimaz, elkarlanera: «John Rutterren Requiem-a eskainiko dugu; oso arrakastatsua da, Requiem-en best seller-a, nolabait. Oso melodikoa da, goxoa, baina, aldi berean, baditu itzalgune dramatikoak».

Horrela, Enrique Azurza Hodeiertzeko zuzendariak Fauré-ren Requiem-ari eginiko keinu garbitzat ikusten du Rutterrena: «Omenaldi moduko bat da, eta oso modu antzekoan lantzen ditu argiaren eta bakearen ideiak, esaterako. Gozamen hutsa da obra hau». Hilaren 12an, 20:15etik aurrera, San Frantzisko elizan eskainiko dute obra, 10 euroren truke; sarrera murriztua 5 euroan jarriko dute salgai.

Azkenik, zikloko belaunaldi gazteenek itxiko dute 2019ko Kantik. Ukitu tolosarra Laskorain ikastolako abesbatzak jarriko du, eta haiekin ariko da Bartzelonako Begues institutuko abesbatza ere. Naiara Mintegia Laskorain abesbatzako zuzendariak azaldu zuenez, duela zortzi urte inguru ezagutu zuten talde kataluniarra, eta orduz geroztik hiru truke egin dituzte: «Kantik-en berri izan aurretik, urrian hona etortzekoak ziren, eta, Hodeiertzek gonbidapena egin zigunean, aukera bikaina iruditu zitzaigun. Egia esan, oso pozik gaude horrelako egitasmo batean parte hartzeko aukeragatik».

Besteak beste, han-hemengo kantu herrikoiekin osatu dute errepertorioa, eta askotariko erritmo eta generoak eskainiko dituzte. Emanaldia urriaren 18an izango da, 19:30etik aurrera, Sakramentinoetako elizan, eta sarrera doakoa izango da.

Aspaldidanik abesbatza zaleak diren entzuleak erakartzearekin batera, Kantik zikloak afizionatu berriak sortzea du jomugan, eta baita jarduera korala sustatzea ere. Horrela, Enrique Azurzak garrantzi berezia eman zion haur eta gaztetxoenganainoko transmisioa lantzeari, eta musika koralaren bueltako topikoak apurtzeari: «Abesbatza ez da ezer aspergarria». Ildo beretik, Xabier Balerdi zinegotziak herritarrak gonbidatu nahi izan zituen abesbatzen mundura gerturatzera.

III. KANTIK ZIKLOA

URRIAREN 5A, LARUNBATA

20:15. Gabriel Fauré-ren Requiem, Hodei abesbatzaren eskutik, Santa Klaran. Sarrera 5 euro.

URRIAREN 12A, LARUNBATA

20:15. John Rutterren Requiem, Hodeiertz abesbatzaren, Academia 1830 abesbatzaren eta Arimaz orkestraren eskutik, San Franztisko elizan. Sarrera: 10 euro eta 5 euro.

URRIAREN 18A, OSTIRALA

19:30. Laskorain abesbatzaren eta Begues institutuko abesbatzaren emanaldia, doan, Sakramentinoen elizan. Sarrera doan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!