La Insula Nomada, argazkizaleen gozamenerako

Ataria 2019ko urriaren 3a

Juanan Requenaren karabana asteartean Trianguloan eta asteazkenean Boxan egongo da.

Tolosako Boxa elkarteak Juanan Requena gonbidatu du, berriz ere, Boxa elkartera. Oraingoan, La insula nomada karabanarekin etorriko da Tolosara. Antolatzaileen hitzetan, «bisita hau ez da luzea izango, baina bai berezi bezain polita».

Asteartean, hilaren 8an, Tolosako Trianguloa plazan aparkatuko du 17:00etatik 21:00etara, eta horrela ez balitz, Boxan egongo litzateke aparkatuta. Herritarrek karabana eta bere proiektua ezagutzeko aukera izango dute, eta kuriositatea duenak informazioa www.lainsulanomada.com -en sartuta eskuratu dezake. Hurrengo egunean, hilaren 9an, Boxako lokalaren ondoan aparkatuko du Requenak. Bertan, negatiboak handiagotzeko edo karreteren bat errebelatzeko aukera izango da. Hori guztia, bere karabanan egingo du. Guztia behar bezala antolatzeko, izena ematea beharrezkoa izango da, eta bi taldetan banatuta egingo da. Lehen taldea, asteazkenean, hilak 9, 11:00etatik 14:00etara ariko da, eta bigarren taldea, 16:00etatik 20:00etara. Norbaitek izena eman nahi badu mezu bat idatzi beharko du boxa.argazkia@gmail.com helbide elektronikora.

Antolatzaileek aurreratu dutenez Requena ezagutzeko edo bisita egiteko ez da izenik eman behar. Tailerrean parte hartzea debaldekoa da, baina izena emanez gero arduraz jokatzeko eskatu dute. Bazkaltzen geratzeko aukera egongo da, baina aldez aurretik jakinarazi behar da eta denen artean ordainduko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!