Bideoa

Mugi Tolosaren seigarren ikasturtea ikergai ere izango da

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urr. 3a, 08:59

Asteazken honetan ekin diote ikasturteari, eta berrikuntzaz betea dator gainera; ibilbidea amaitzerakoan, zumba saioa izan zuten parte hartzaileek. 

Zahartzaro aktiboa sustatzeko egitasmo bezala hasitakoa haziz doaz ikasturtez ikasturte, eta Mugi Tolosak indartsu ekin diote 2019-2020 ikasturteari ere. Izan ere, adineko pertsonen astez asteko jarduera fisikorako hitzordua izatearekin batera, egitasmoa ikergai ere izango da, estreinakoz: Inmakulada lanbide ikastolak hainbat zikloren arteko proiektua martxan jarriko du, Mugi Tolosa oinarri hartuta. 
 
Hala azaldu zuen, asteazken goizean, Olatz Lopez de Sabando Inmakulada lanbide ikastolako ordezkariak: “Gure ekarpena egin nahi genuen, eta farmazia, erizain laguntzaile eta osasun dokumentazio zikloetako ikasleek ikerketatxo bat garatuko dute, Donostiako Zurriola ikastolako gorputza heziketa zikloko ikasleekin batera”. Finean, adineko pertsonei jarduera fisikoa egiteak zein onura dakarzkien neurtuko dute, hainbat parametrotan: aurretik analisiak egin eta tentsioa neurtuko diete, jarduera fisikorako plangintza bat diseinatuko diete, eta plangintza osatu eta gero berriro egingo dizkiete analisiak. 
 
Horrela, Asier Bakaikoa Tolosako Udaleko kirol teknikariak bereziki azpimarratu nahi izan du Tolosako ikastetxeek Mugi Tolosan duten parte hartzea: “Sekulako ekarpena egiten dute eta, belaunaldi arteko harremanak lantzearekin batera, bestelako proiektuak abiarazteko aukera ere eskaintzen du honek guztiak; Inmakulada ikastetxearena, kasu”. Bide horretan, aipatzekoa da Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak ere aurten egingo duela bat asteazkeneroko hitzorduekin, eta momentuz ibilbideetako laguntza eskainiko duten arren, balizko proiekturen bat sortzeko aukera izan daiteke elkarlana. 
 
Joan den urriaren 1ean Adinekoen Nazioarteko Eguna izan zen, eta Bakaikoak gogora ekarri nahi izan zituen medikuen gomendioak, Mugi Tolosaren ikasturte hasieran: “Astean hiru aldiz altxatu eta gorputza mugitzea gomendagarria da, eta guk asteroko aukera hori eskaintzen diegu adinekoei eta, horrekin batera, harreman sozialak lantzekoa ere bai”. Horrela, parte hartu nahi duten herritarrak deitu dituzte, datozen hitzorduetara ere: “5 kilometroko ibilbidea egiteko 10:00etan elkartzen gara Zerkausian, eta 11:30ean abiatzen dira 1,5 kilometroko ibilbidea egiten dutenak”. 
 
Mugi Tolosa egitasmoan 240 parte hartzaile aritzen dira, batez beste, astero. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!