Ziklo berri bati hasiera emango diote

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 2a, 11:57

Denboraldi berezia izango da aurtengoa TAKEko emakumezkoen lehen taldearentzat, batez ere Iñigo Irurtzunentzat, lehen entrenatzaile moduan estreinatuko baita.

«Aurreko denboraldian bigarren entrenatzaile bezala aritu nintzen, eta, orain, lehen entrenatzaile bezala, ilusio eta gogo handia dut. Eta, erronka handia dela jakinik, ea nola goazen ardura hori betetzen», esan du Irurtzunek.

Alain Rekondo izan da aurreko urteetan lehen entrenatzaile, eta bere zikloa amaitu ondoren, Irurtzuni proposatu zioten taldearen gidaritza eramatea. «Ilusioz hartu nuen proposamena. Ikaragarrizko erronka iruditzen zait, eta esan behar dut errazago hartu nuela erabakia bigarren entrenatzaile bezala izango dudan Jon Ander Zabalaren laguntza jasotzeko aukera izatean».

Aurreko urteetan egindako joko estiloari jarraipena emango diote. «Horretan ez dugu aldatu. Bai nabarmendu nahi izan dugu jarrera edo kontzeptu aldaketa. Gure ardura izanik taldea aurrera eramatea, ziklo berri baten hasiera denez eta gu berriak izanik, jokalarien inplikazioa nolabait handitze aldera, eskatu diegu beraiek ere taldea aurrera eramateko ardura hori hartzea». Irurtzunek gaineratu duenez, «nahiz eta entrenatzaileak aldatu, jokalariak dira taldea egiten dutenak, eta garrantzitsua da aurten izango den egokitzapen prozesu honetan jokalariek jarrera positiboa izatea taldea aurrera eramateko. Orain arte hori ikusten da».

Urriaren 19an hasiko dute liga, etxean, 18:00etan, Eskoriatzaren aurka. «Irrikaz gaude hasteko, eta pixka bat luzea egiten ari zaigu aurre-denboraldia, beste urteetan lehenago hasi baita liga», esan du entrenatzaileak. «Nolabait badugu gure burua frogatzeko gogoa eta ikusteko beste taldeekiko nola gauden».

Taldean baja bat izan dute, Miriam Fernandezena. Altei dagokionez, aurretik taldean aritutako Lore Lakuntza itzuli da, eta jubenilen taldetik Olaia Franco igo da. «TAKEren filosofia da aukerak ematea etxeko jendeari eta aurten ere lana egingo dugu jubeniletan jokatzen ari direnekin», esan du Irurtzunek.

Aurreko denboraldia zortzigarren amaitu zuen taldeak. Aurten igoera fasea lehenengo laurek jokatuko dute, eta azken biak zuzenean jaitsiko dira. Helburu moduan «lehiatzea» eta sailkapenean ahal duten postu gorenean bukatzea jarri dute. «Lehiakortasuna ere entrenamenduetan azalerazi beharko dugu, gero denboraldi osoan zehar kantxan lehiakor izateko erronkari aurre egiteko», dio entrenatzaileak. 

PARTAIDEAK

Marta Mendinueta.Tolosa, 1994. Hegalekoa.

Kris Amondarain.Tolosa, 1996. Hegalekoa.

Alaitz Garcia.Tolosa, 1998. Hegalekoa.

Irati Alda.Tolosa, 1997. Pibota.

Nerea Ugartemendia. Tolosa, 1995. Hegalekoa.

Olaia Franco. Tolosa, 2001. Pibota.

Nerea Elosegui.Tolosa, 1996. Hegalekoa.

Maddi Lakunza.Tolosa, 1993. Antolatzailea.

Lore Lakunza. Tolosa, 1997. Antolatzailea.

Ainhoa Lakunza.Tolosa, 1998. Antolatzailea.

Leyre Jauregui.Tolosa, 1999. Pibota.

Iñigo Irurtzun.Tolosa, 1995. Entrenatzailea

Jon Ander Zabala.Tolosa, 2000. Entrenatzailea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!