Taldeko dinamika «onari» eustea

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 2a, 11:58

Asteburu honetan hasiko du liga TAKE saskibaloi klubeko mutilen lehen taldeak, Redline Mekanika TAKEk, hain justu. Ordizia izango dute aurkari, larunbatean, 18:00etan, etxetik kanpo.

Mailaz jaitsi berri den taldea da Ordizia. «Zaila da jakiten zer gertatu daitekeen. Guk, joko aldetik, nahiko ondo ikusten dugu gure burua, baina beraiek jokalari gehienak mantendu dituzte aurreko denboralditik. Beraz, nahiko partida zaila tokatzen zaigu», esan du Jon Azaldegi entrenatzaileak.

Aurreko denboraldia lehenengoa izan zen Azaldegirentzat entrenatzaile moduan. «Orokorrean zapore gozoa izan zuen. Pena izan zen igoera faserako ez sailkatzea, azken unera arte aukerak izan baikenituen. Baina kontuan hartuta denboraldi hasierako helburua ez zela hori, bai jokalariak eta bai ni neu gustura gelditu ginen egindako lanarekin», esan du. Bere lehen urteko bizipenei dagokionez, «entrenatzaile gazte gehienek izango duten sentsazio antzekoa neukan, hau da, oraindik asko dudala ikasteko, batez ere partiden kudeaketan», azaldu du. «Gaur egun ere berdin jarraitzen dut pentsatzen, eta nolabaiteko gabezi horiek konpentsatzeko astean zehar egin behar dugu lana, gauzak oso argi eramateko partidara». Taldeko dinamika «oso ona» izan zela gaineratu du eta aurten ere horrela izaten ari dela: «Ondo entrenatzen ari gara, eta hori emaitza onak lortzeko bidean oso garrantzitsua da».

Taldean zenbait aldaketa izan dira. Kaiet Bidaurretak ez du jarraituko, entrenatzen ariko bada ere. Bestetik, junior taldetik Patxi Maiza eta Julen Balerdi igo dira. Horrez gain, Euken Huici juniorrak lehen taldearen dinamikan parte hartuko duela azaldu du Azaldegik, eta Bidaurretaren baja nabarmendu du: «Kaietek ematen zuena partidetan jokalari gutxik eman dezakete, batez ere defentsa lanetan. Aldaketa batzuk egin beharko ditugu bere hutsunea ez nabaritzeko».

Denboraldirako helburua «ligako talde guztien aurka lehiatzeko» eta «onenen aurka partidak irabazteko» gai izatea dela azaldu du entrenatzaileak. «Aurreko urtean falta izan zitzaigun erasoan aukera gehiago sortzea, eta puntu gehiago sartzea goiko taldeen aurka lehiatzeko, eta aurten alde horretatik hobetzen saiatuko gara. Azkenean, joko ona egitea eta horri esker emaitza onak lortzea da helburua». Azaldegi gustura dago lagunartekoetan ondo lehiatzeko gai direla erakutsi dutelako: «Pozik gaude dinamika ona izan dugulako, jokalari guztiak lanerako prest daudelako, eta lesiorik ez dugulako izan». 

PARTAIDEAK

Lander Lasa.Tolosa, 1988. Hegalekoa.

Beñat Azaldegi.Tolosa, 1994. Hegal pibota.

Patxi Maiza. Tolosa, 2001. Hegalekoa.

Julen Balerdi.Tolosa, 2001. Antolatzailea.

Josu Lertxundi.Tolosa, 1999. Antolatzailea.

Ion Izagirre.Tolosa, 1987. Pibota.

Euken Huici.Tolosa, 2002. Hegalekoa.

Miguel Cruz.Tolosa, 1994. Hegaleloa.

Ekain Conde.Tolosa, 2000. Antolatzailea.

Julen Zabala. Tolosa, 2001. Hegalekoa.

Iñigo Moreno.Ibarra, 1995. Pibota.

Iker Garmendia.Tolosa, 1993. Hegal pibota.

Hasier Etxabarri. Tolosa, 1996. Entrenatzaile taldekoa.

Mikel Lakunza.Tolosa, 1999. Entrenatzaile taldekoa.

Jon Azaldegi. Tolosa, 1991. Entrenatzaile taldekoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!