Urte berriarekin %0,83 igoko dira Tolosako udal tasak eta zergak

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urr. 2a, 11:59

Hondakinen tasa salbuespena izango da, %5eko igoerarekin; udalbatzak larrialdi klimatiko egoera adierazi du, eta elkartasuna ere bai, uholdeek uztailean kaltetutako herri nafarrekiko.

Agintaldiko lehen ikasturte hasiera izaten ari da Tolosako udalbatzarentzat, eta joan den ostegunean izan zen, abiarazte horretako lehen osoko bilkura. Udal tasek eta zergek hartu zuten hitzorduaren erdigunea eta, ohiko moduan, Hego Euskal Herriko KPIren arabera moldatuko dituzte tasak eta zergak 2020an ere, aho batez hala onartuta: %0,83ko igoerarekin.

Salbuespena hondakinen tasa izango da, %5eko igoera ezarriko baitio udalak, urte berriarekin batera. Udal gobernuak azaldu zuen, igoera hori beharrezkoa dela zerbitzuaren gastu eta diru-sarreren arteko oreka bermatzeko. Bide horretan, EH Bilduko oposizioak adostasuna azaldu zuen hondakinen tasaren salbuespen izaerarekin, nahiz eta uste duten, udalak esfortzu bat egin beharko lukeela. Hala azaldu zuen Aitana Amondarain zinegotziak: «Karga fiskal hori herritarrengan jartzen da beti, eta ekintza-plan bat egokia litzateke, hondakinak eta gastu hori murrizte aldera».

Legeari erreferentzia eginez, Begoña Tolosa jeltzaleak azaldu zuen, «gastuak eta diru-sarrerak berdindu» egin behar direla, eta kontzientziazioaren bidetik jarraituko dutela, «orain arte bezala».

ETXE HUTSAK ETA EGUZKI ENERGIA

Plenoan tasa eta zergen igoera onartu baldin bazuten ere, hobari berri batzuk ere zehaztu ditu Tolosako Udalak, «egungo errealitateari ahalik eta modu egokienean erantzuteko».

Batetik, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren errekarguan salbuespen berriak izango dira 2020an, eta honako kasuetan ez dute etxebizitza hutsen errekargurik kobratuko: etxebizitza urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitarte saldu baldin bada; urtarrilaren 1ean etxebizitza hori obretan baldin badago, lizentziarekin; etxebizitzaren jabeak kanpoan bizita ere, elektrizitate eta gasaren gutxieneko gastua frogatzen baldin badute; eta, azkenik, mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzagatik, zaintzailearen edo zainduaren etxebizitza hutsik geratzen bada.

Bestalde, eguzki energia baliatzeko sistemak ezartzen dituzten obretan, Tolosako Udalak %95eko hobaria ezarriko dio Instalazio, Eraikuntza eta Obren gaineko Zergari. Kasu horretan, EH Bilduk diru laguntza bat sortzea proposatu zuen, bestelako energia berriztagarriak erabiltzen dituzten herritarrak ere saritu ahal izateko: «Foru araua jarraitu behar du udalak, baina aldundiari egin geniezaioke presioa, gainerako energia berriztagarriak ere saritzeko. Edo aurrekontuko diru-poltsa bat erabil liteke horretarako».

Horrela, proposamenari heldu eta berau bideratzeko asmoa azaldu zuen EAJko udal taldeak: «Helburuak zehaztu, eta denbora eskatzen duen lana da».

UDAL ANTOLAKUNTZA BERRIA HIZPIDE

Maiatzeko hauteskundeen ondotik, EAJ-PSE udal gobernu berriak uda aurretik iragarri zuen udalaren antolaketa berria: Herritarrak, Antolakuntza eta Lurraldea sail nagusiek gidatuko dute udaletxeko erritmoa, eta aldaketa horiei erantzuteko zenbait lanpostu aldaketa onartu zituzten plenoan.

Udalbarria antolakuntza sistema hizpide, Andu Martinez de Rituerto EH Bilduko zinegotziak azaldu zuen, agintaldiko lehen hilabeteotan «gela ilun batean» sentitu direla: «Lan dinamika eraginkorra dela irakurri dugu, eta ideia horrekin bat gatoz, baina guk ere horren parte izan nahi dugu, oposiziotik. Halaber, metodologia berria azkar ezartze horretan, uste dugu diagnosia falta izan dela».

Kritikari erantzunez, Joseba Ormazabal EAJko komunikazio eta gobernantza zinegotziak azaldu zuen, «gobernuan 4 urtez diagnosia egin» dutela aurrez: «Dinamika orain hasten da, baina lanean aurretik hasi ginen, Udate berrituz, adibidez. Lehen aldiz, udal honek agintaldi osorako plan bat izango du».

61.176 EUROKO KREDITU ALDAKETA

Udaleko gerakina baliatuz, iraileko osoko bilkuran kreditu aldaketa baten berri eman zuen udal gobernuak.

Guztira, 61.176 euroko kreditu aldaketa izango da, eta hainbat proiektu finantzatuko ditu, modu horretara, udalak. Besteak beste: Udateko makina berria, 25.860 euro; helduen eskolako leiho berriak, 18.997 euro; Samaniego ikastetxeko mantentze lanak, 1.416 euro; kultur sustapenerako Azken Mugako emanaldi berezia, Udaberri dantza taldeko jantziak, Tolosako historiari buruzko komikia, erraldoi eta buruhandien Tafallako emanaldi berezia, eta Alberto Letamendiren eskulturaren ezustekoari aurre egitea, 9.200 euro.

MOZIOAK ETA EZTABAIDA

Beste hainbat udalek egin bezala, Tolosakoak ere klima aldaketaren inguruko mozioa onartu zuen joan den ostegunean, testu berri bat adostuta. Bertan, nagusiki, larrialdi klimatiko egoera adierazi zuen udalbatzak, eta egoerari aurre egiteko «konpromiso irmoa» hartu, «zibilizazio erronka bat» dela nabarmenduz.

Joxemari Villanueva PSE-EEko zinegotziak, bere aldetik, erakunde publikoek klima aldaketaren aurka egindako lana azpimarratu nahi izan zuen: «Espainiako gobernu sozialistak landu du gaia, Jose Ignacio Asensiok 150 egitasmo abiarazi ditu klima aldaketaren aurka, eta udalak ere eman behar ditu pausoak. Herritarren inplikazioa lortu behar da».

EH Bildutik, Andu Martinez de Rituertok ikuspegi ezkorragoa plazaratu nahi izan zuen, «EAEren gehiegizko optimismoa» gaitzetsiz: «Errealitatea tematia da, eta larrialdi klimatikoa argia. Erabakiek irmoagoak izan behar dute eta, momentu honetan, euskal estrategiak ez daude Europar Batasunarenekin lerrokatuta».

Azkenik, Patxi Amantegik, gobernutik, agintaldirako aurreikusitako hiru neurri zehatz zerrendatu zituen: «Udaleko auto guztiak aldatuko ditugu, elektriko edo hibrido izan daitezen; hainbat udal eraikinetan eguzki-plakak jarriko ditugu, eta auto partikularrak kargatzeko zutabeak ere jarriko ditugu».

Azkenik, uztailean Nafarroako hainbat herritan uholdeek eragindako kalteen harira, udalak elkartasun mozioa onartu zuen, 2.000 euroko diru-laguntza emanez, eta herritarrak ere ekarpen ekonomikoak egitera bultzatuz; Tafalla, Erriberri, Puiu, Beire, Pitillas eta Leotzeko udalak kontu korronteak zabaldu dituzte horretarako.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!