Pobrezia eta esklusio egoerari aurre egiteko mokaduak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urr. 1a, 12:03

Zutani-Tolosa gizarte laguntzarako elkarteak zenbait ekimen antolatu ditu urrirako; larunbatean, kultur arteko pintxo-pote solidarioa egingo dute.

Herrian behar gehien dutenei laguntzea. Hori da, 2014az geroztik, Zutani-Tolosa elkartearen egitekoa. Polita bezain neketsua. 5 urte dira, zenbait herritar eta eragilek, giza laguntzarako taldea sortu zutela, udalaren babesarekin. Egun, askok bizi duten egoera sozio-ekonomiko larriari irtenbide bat ematea du helburu, betiere, elkartasunez, eta giza eskubideetan oinarrituz.

Oinarrizko beharra den elikadura bermatzea da elkartearen helburu nagusia. Horrela, hilean behin, Gipuzkoako Elikagaien Bankutik jasotako jakiak nahiz herritarrek eramandakoak banatzen dituzte beharra dutenen artean. 20 bat lagun aritzen dira lanean, eta boluntarioak ere izaten dituzte banaketak egiteko. Guztira, pobrezia eta esklusio egoeran dauden Tolosako 220 familia (602 heldu eta 202 haur) laguntzen dituzte, eta zifrak handitzeko «nahia» dute.

Egiten duten lana herritarrengana hurbiltzeko asmoz, beste urte batez, IV. Pintxo-Tour Interkulturala eta Solidarioa ospatuko da, larunbatean, Trianguloa plazan. 14 postu izango dira, 11 herrialde ordezkatuz: Brasil, Peru, Kolonbia, El Salvador, Honduras, Nikaragua, Maroko, Senegal, Pakistan, Ukraina eta Euskal Herria. Bertako nahiz kanpoko jakiez gozatzeko aukera eskainiko dute, beraz. 3 euro ordaindu beharko dira bi pintxoren truke, eta edaria ere izango da. Gainera, pintxoen osagaiak eta errezetak eskuratu ahal izango dituzte bisitariek.

Bi helburu nagusi izaten ditu egitasmo honek: Elkartearentzat irabazi ekonomikoak eskuratzea eta kultura eta jatorri desberdinetako herritarren arteko harremanak sendotzea. «Larunbatean bildutako dirua, inguruan bizi diren 200 haurrei elikagai osasuntsuak erosteko erabiliko dugu, haurren osasun fisikoa eta emozionala babestea ezinbestekoa delako. Bestetik, goiz aberasgarria bezain goxoa igarotzeko aukera ezin hobea da», adierazi zuen Ana Lopetegi elkarteko kideak, atzoko aurkezpenean.

HAURRAK ZAINDU BEHARRA

Elkarteko estatutuak berritu zituztenean, haurren eskubideak zaintzea eta defendatzea, beraien ongizate fisikoa eta emozionala sustatzea eta edozein jazarpenen aurrean haurtzaroaren zainketaren lanketa egitea izan ziren ezarritako ideia nagusiak. «Familia barruan, baita gizartean ere, haurrak dira ahulenak esparru guztietan. Arriskutsuena, baina, pobrezia egoera belaunaldiz belaunaldi errepikatzea da, kronikoa bihurtu daitekeelako», azaldu zuen Ana Iruretagoienak.

Arartekoak plazaratutako datuen arabera, 15 urtetik beherako haurren %10 pobrezia egoeran bizi da EAEn. %17k gutxienez, bi egunez behin ezin du proteinazko jakirik hartu, eta %48k, berriz, ezin du doakoa ez den eskola jarduerarik burutu. Espainiar Estatuan 1.400 haur aurkitzen dira pobrezia egoeran. «Haurrak, baina, pertsona aktiboak dira, nahiz eta askotan lehentasunik ez eman. Parte hartzaileak dira, emozio maila eta iritzi propioak dituzte; guk, ordea, ez diegu entzuten. Gainera, estatistikek diotenaren arabera, adingabekoen %20k sexu erasoak jasaten ditu. Haurtzaroko babesak ahaztutako ardura izaten jarraitzen du».

EGOERA DESBERDINEN KONTAKETAK

Larunbateko gastronomia ekitaldia, ordea, ez da hilabete honetako ospakizun bakarra izango. Aurten, pobreziaren aurkako jardunaldiak egingo dituzte, bigarrenez. Entzule moduan jendeak behar bezala erantzutea espero dute. Urriaren 14tik 17ra bitarte ospatuko dira,Tolosako Kultur Etxean.

Haurren aurkako sexu abusua, gizarteko arazo bathitzaldiarekin ekingo diete jardunaldiei, hilaren 14an. Profesionalei zuzendua egongo da, nahiz eta irekia izan, eta Bartzelonako Vicki Bernadet fundazioko Pilar Polo adituak gidatuko du saioa. Egun berean, Bakarrik dauden adin txikiko eta gazte atzerritarrak EAEnsolasaldia ere izango da. «Azken urteetan ikaragarri hazi da etorkin kopurua, gehienbat Bizkaian. Erakundeak gainezka egiten ari dira, eta baliabide eskasak dituzte. Zer gertatuko da haur hauekin adinez nagusi izaten direnean? Egoera hau nola kudeatu ezagutzeko aukera izango da Gazteen Euskal Behatokiko kideen eskutik, batzuen esperientzi pertsonal eta guzti».

Hilaren 15ean, Infancia en movimientohitzaldia eskainiko dute Save For Children elkarteko kideek. «Haurrak batetik bestera mugitzeak zer nolako ondorioak ekartzen dituen azalduko dute». Hurrengo egunean, 6-8 urte bitarteko haurrentzako saioa izango da, Haur Liburutegian. Tomi Ungerer idazlearen Allumeteipuina kontatuko zaie haurrei. «Haurrak ere pobreziari buruzko testuak eta istorioak entzuten has daitezen nahi dugu. Kasu honetan, gainera, elkartasunezko baloreak kontatzen dira».

Hilaren 17an ospatuko den Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta elkartetik mezu positibo bat helarazteko aprobetxatu nahi dute. Horrela, Semillas de alegriadokumentala proiektatuko da. Zoriontasuna lortzeko bidean, zailtasun guztien gainetik bere funtsezko eskubideak erabiltzen dituzten Espainia, Angola eta Kolonbiako haurren historia kontatzen da. Zutani-Tolosatik, eskerrak eman nahi dizkiete Tolosako Udalari, baita urriko ekintzak posible egingo dituzten babesle eta laguntzaileei ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!