Trapu zaharrak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2019ko ira. 29a, 08:58

Ikasturteari hasiera emateko garaia iritsi da, eta Zientziaren Talaiari ere garaia iritsi zaio, zientzia gaiak dibulgatzen jarraitzeko. Ikasturte honetan ere hamaika gairi eusteko asmoa dut, bai nik buruan ditudanak, baita zuek bidalitako proposamen eta galderei erantzunez sor daitezkeen artikulu aberasgarriak ere. Zientziaren eta eguneroko bizitzaren artean loturak eta zubiak eraikitzea atsegin dudala jakingo duzu jada, irakurle, eta jakin ere badakizu, sukaldean dagoen zientzia eta kimika askotan izan dela nire inspirazio iturri.

Oraingoan, sukaldeko trapuak eta komuneko toallak izango ditut aztergai. Hobeto esanda, haietan dagoen zikinkeria. Erantzun beharreko galdera hauxe da: zenbatero garbitzen dituzu sukaldeko trapua, baieta horia, edo komuneko toallak? Edo, hobeto esanda, zenbatero garbitu beharko zenituzke?

Bada, hainbat ikerketak erakutsi dutenez, sukaldeko trapu, zapi eta antzekoetan bakterio heterotrofiko eta enteriko pila aurki daiteke. Zentzua du. Bakterioak gozo-gozo bizi dira, sukaldeko trapuen tolesturetan dagoen hezetasunean murgilduta. Hain zuzen ere, etxeko lekurik kutsatuenen artean daude trapu eta toallak. 1995ean egindako ikerketa batek jakinarazi zuenez, hogeita hamar bakterio espezie baino gehiago, maiztasun handiz aurkitu zituzten sukaldeetan. Gutxi-gorabehera, sukaldeko trapu bat bihurritzean ateratzen den likidoaren mililitro bakoitzean, milioi bat unitate kolonia-eratzaile daudela frogatu zen. Horien %14 inguru salmonelari dagozkio, gainera.

Artikulu honen atzean dauden argitalpenak, eta bestelako informazio zehatzagoa, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak kudeatzen duen Zientzia Kaiera blogean aurkituko duzu, ene irakurle. Zalantzarik ez izan, nire bigarren etxe horretara jotzeko, argibide gehiagoren bila. Laburtuz, hemen idatz dezakedana da, sukaldeko trapuen %30ean bakterio bidezko kutsadura maila altuak aurkitu direla. Komuneko toallen kasuan ere antzeko zerbait gertatzen da; izan ere, komunak ingurune heze eta ilunak dira: bakterioak hazteko primerako lekuak.

Ideia bat emate aldea, Charles Gerba adituaren kalkuluen arabera, komuneko toallen %90 bakterio koliformeekin kutsatuta dago. Jakina, trapuak, toallak eta zapiak garbitzeko dugun maiztasuna lotuta dago haietan aurkitzen den bakterio kantitatearekin. Hala ere, jakin behar da, ohiko garbiketa batekin, kasu askotan, ez dela lortzen bakterio guztiak akabatzea. Horren ondorioz, Gerbak argi dio: E. coli gehiago hartzeko arriskua dago, bi egun baino gehiagoz esekita egon den toalla batekin aurpegia garbitzen badugu, aurpegia komun-zuloan sartuta baino.

Ikerketek erakutsi dutenez, toallak bi egunez behin garbitzea gomendatzen da eta, sukaldeko trapuen kasuan, maiztasun handiz garbitzea. Azken horien kasuan, garbiketarako metodorik eraginkorrena denbora labur batez lixibatan murgiltzea da. Hala ere, beti ez da lortuko guztizko garbiketa, baina, ikusi denez, modu horretan lortzen da bakterio kopurua ahalik eta gehien murriztea. Edozein kasutan, ikerketa horiek erakutsi dute zientziak baduela zeresana eguneroko bizitzan. Une honetan ez al duzu utziko eskuartean daukazun guztia, komuneko toallak garbigailuan sartzeko?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!